Martxan da eskualdean Debabarrena Berritzen prozesua
Martxoaren 1ean egin zen lehen topagunea eta orduan azaldu ziren proiektuaren lan-ildo nagusiak. Batetik, eskualdeko 6 egitasmo ebaluatuko dira Elhuyarrek garatutako tresnaren bitartez. Hala, egitasmoek berrikuntza sozialaren irizpideak zenbateraino betetzen dituzten aztertuko da, eta aurrera begira berrikuntza sozialean eragiteko neurriak proposatuko zaizkie. Hauek dira ebaluatuko diren egitasmoak: Gure Balioak Saria, Euskal Kostaldeko Munduko UNESCOren Geoparkea, Debabarreneko Enplegu Mahaia, Eskolako Agenda 21, Ikasten Debabarrena eta Hiri-eraberritze proiektua Soraluzen. Ebaluazio horiek maiatzera bitartean egingo dira.
Bestetik, Topagunea izeneko elkarlanerako gunea sortuko da eskualdeko eragileekin batera. Gune horretan, ebaluazioen ondorioak sozializatuko dira, berrikuntza soziala sustatzeko eskualdeak duen gaitasunaren inguruko hausnarketa egingo da, hobetzeko neurriak proposatuko dira, eta eragileen arteko elkarlana indartuko da. Hurrengo Topaguneak maiatzaren 31n eta ekainaren 14an izango dira.
Prozesuari bukaera emateko, jardunaldi bat egingo da azaroan, ikasitako guztia partekatzeko.