Gipuzkoako Foru Aldundiaren omenaldia jaso du Carmelo Urdangarin debarrak

2017-04-24 Iruzkinik ez

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako departamentuaren omenaldia jaso zuen pasa den apirilaren 3an Carmelo Urdangarin ikertzaile debarrak. Ekonomialaria lanbidez, Carmelo Urdangarinek (Deba, 1932) 2013an jaso zuen Gure Balioak Sariagizarte-balioen alorrean egindako ibilbideagatik, bereziki, enpresa, kultura zein gizarte esparruan gaztetatik erakutsitako lankidetzarako gaitasuna nabarmenduz eta goraipatuz.

Azken hogei urteotan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Oficios Tradicionales liburu bilduma osatu eta argitaratu du. Ekitaldian bildumaren 14. alea aurkeztu zuten eta Urdangarinek Eskulanen Maisu izendatzen duen diploma jaso zuen.

Ekonomia Sustapenerako diputatu Ainhoa Aizpuruk adierazi zuenez, “biziki garrantzitsua” da Urdangarinek bere bizitza guztian ezagutza “bildu, landu eta zabaltzeko” egindako ahalegina. “Ez bakarrik lanbide tradizionalen inguruko lanak eduki dezaketen interes sozial eta etnografikoagatik. Baita ere ondare baliotsua delako transmisioaren ikuspegitik, gure gizartean eskulangintzak eta artisautzak bere lekua daukala eta eduki behar duela uste dugunontzat ere. Gipuzkoan nahiz Euskal Herri osoan lanbide hauek bizirik mantentzen dituzten horientzat, hain zuzen. Gure arbaso eta herri kulturarekin lotzen gaituztelako, bai, baina gaur egun ere kalitate handiko produktu eta egiteko modua eskaintzen digutelako”, adierazi zuen Aizpuruk.