Astelehenean, hilak 22, amaituko da Euroeskualdeko Sorkuntzarako Mugikortasun Programaren hirugarren deialdian eskaera egiteko epea
Datorren astelehenean, hilak 22, amaituko da Euroeskualdeko Sorkuntzarako Mugikortasun Programaren hirugarren deialdirako eskaera aurkezteko epea. Programa hau Garapen elkarteak sustatzen du, Buruntzaldea-Beterri, Getxolan, Inguralde, Oarsoaldea eta Debegesa garapen agentzien bitartez, Euskadi-Akitania Euroeskualdean ekosistema sortzailea sustatu eta sendotzeko helburuarekin.
Sortzaileei zuzenduta dago deialdia eta eskatzaileek enpresa-proiektu bat edo ekintzailetza egitasmo bat abian izan behar dute, ondorengo diziplinetako batean oinarrituta: Ikus-arteak, Ikusentzunezkoak, Diseinua, Arte grafikoak, Teknologia berriak, Arkitektura, Artisautza, Moda eta Bitxigintza.
Ekimen honen bitartez, aukeratutako lagunek Bordelen 3 eguneko elkartruke programa batean parte hartzeko aukera izango dute beste profesional batzuk ezagutu eta esperientziak elkarbanatzeko.
Euroeskualdeko Sorkuntzarako Mugikortasun Programan parte hartzeko interesa dutenek eskaera egiteko informazioa eskuratuko dute debegesa.eus/ webgunean. Epea maiatzaren 22an amaituko da.
Egitasmo hau Eusko Jaurlaritzako ‘Aquitaine-Euskadi 2016’ proiektu-deialdiaren baitan kokatzen da eta Garapenek jarri du abian, Garapen Agentzien Euskal Elkarteak, Debegesa, Buruntzaldea-Beterri, Getxolan, Inguralde eta Oarsoaldea garapen agentzien bidez, eta Bitamine Faktoriarekin eta Fabrique Polarekin lankidetzan. Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako mugikortasun programa honek 24 sortzaileren mugikortasuna ahalbidetuko du (12 lurralde bakoitzeko), Euroeskualdean ekosistema sortzailea indartzeko asmoz.
Debabarreneko sortzaileen partaidetza
Aurreko bi deialdietan, urtarrilean eta apirilean, Debabarreneko lau sortzailek parte hartu dute programa honetan:
- Silvia Tubia (Eibar), Anuk Estudio, diseinu grafikoko enpresa, markaren komunikazioan, diseinuan eta berrikuntza digitalean espezializatua.
- Ibone Arreche (Eibar), Hirikiten proiektuko partaidea, Eibarko industria-arkitektura ondarea balioan jartzeko helburua duena
- Maria Romero (Eibar), Aittu proiektuaren sortzailea, diseinuaren bitartez artea eta moda uztartzea helburu duen ekimen multidisziplinarra.
- Demetrio Elorza (Elgoibar), Encanta Films ikusentzunezko ekoiztetxearen sustatzailea.