Eskolako Agenda 21eko udalbatzar bereziak Debabarrenean

2017-05-19 Iruzkinik ez

Ikasturte amaiera gertu dagoela, eta urtero egin ohi den bezala, Eskolako Agenda 21 egitasmoaren baitan ikasturtean zehar landutakoa azaltzeko udal ordezkariekin bilerak egiten ari dira Debabarreneko ikasleak.

Maiatzaren 12an, Soraluzeko ikasleen txanda izan zen. Hain zuzen ere, 40 bat ikasle bildu ziren udaletxean Iker Aldazabal alkatearekin. Ikasleek urtean zehar egindako lanaren berri eman zioten alkateari eta herriaren egoera hobetzeko proposamenak aurkeztu zizkioten.

Elgoibarko ikasleek gaur goizean egin dute hitzordua udal ordezkariekin. Ikasleek herria hobetzeko proposamenak eta beraiek hartutako konpromisoen berri eman dute. Ikasleen hitza adi jarraituko dituzte Ane Beitia alkateak, Andrea Arriola Euskara eta Kultura Saileko arduradunak, Iosu Arraiz Habitat batzordeko buru eta Hirigintza Saileko arduradunak, Blanca Larrañaga Ongizate arloko arduradunak eta Nerea Alustiza Pertsonen Saileko kide eta Euskara eta Kultura batzordeko kideak.

Datozen egunetan gainerako udalbatzar bereziak egingo dituzte Mutrikun (maiatzak 22), Eibarren (maiatzak 25), Deban (maiatzak 26), Mendaron (maiatzak 30) eta Ermuan (ekainak 1).

Aurtengo ikasturtean Biodibertsitatea eta Geoaniztasuna izan da Debabarreneko ikasleek Eskolako Agenda 21 egitasmoaren baitan landu duten gaia eta ikuspuntu horretatik aztertu dute beraien herria. Egitasmo hau aurrera eramateko, ikastetxeek Udalaren, Ingurugelaren eta Debegesa garapen agentziaren laguntza dute.

Debegesak eskerrak eman nahi dizkie Debabarreneko hezkuntza komunitatea osatzen duten ikasle, irakasle eta familiei beste urte batez Eskolako Agenda 21ean egindako lan bikainarengatik.