Enpleguaren eta prestakuntzaren bitartez gizarteratzen laguntzeko sarea osatzeko lanean ari da DEBEGESA

2017-10-11 Iruzkinik ez

Debabarreneko eta Debagoieneko eskualdeetan gizarte-bazterketa edota arrisku-egoeran dauden pertsonei zuzendutako prestakuntza eta enplegu sarea osatzea du helburu Debegesa Garapen Agentziak, Debagoieneko Mankomunitatearekin batera, martxan jarri duen ekimenak.

Debabarrenean proiektuaren aurrerapausoen berri emateko bilera antolatu zuen Debegesak joan den urriaren 10ean eta bertara gerturatu ziren erakundeetako ordezkariak, gizarte-eragileak eta kolektibo honekin lan egiten duten profesionalak, gizarte-kalteberatasun eta bazterkeria egoerei buruzko ezagutza gehien dutenak, hain zuzen ere.

Proiektuaren helburua da komunitate ikuspegi batetik baliabide eta zerbitzuen sare bat egituratzea gizarteratze-ibilbide pertsonalizatuak ahalbidetuko dituena, eta, aldi berean, gizarteratzen laguntzeko prestakuntza eta enplegu ekintzak aurrera eramateko eragile ezberdinen arteko lankidetza sustatzea eta bideratzea. Une honetan diagnostikoa burutzeko fasean da proiektua.

Debegesako zuzendari nagusiak, Juan Angel Balbasek, bileran azaldu zuen ekimena Debabarreneko Enplegu Mahaiaren baitan sortu dela, zortzi Udalak biltzen dituena, “eskualdean langabezia egoeran dauden eta laneratzeko zailtasun gehien duten pertsonei erantzuna emateko asmoarekin”.

Proiektuak Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du, Etorkizuna Eraikiz – GipuzkoaLab proiektuaren barruan.

 

Langabezia eskualdean

Langabezia egoeran dauden pertsonen prestakuntza handitzea eta genero arteko aldea murriztea dira Debabarrenean erronka nagusietako bi. Lanbideren iraileko datuen arabera, irailekoak, Debabarrenean 3.968 pertsona daude lanik gabe eta langabezia-tasa % 12,21ekoa da.

Urriaren 10ean Debegesan egindako bileran agerian jarri zen, batetik, Debabarrenean emakumeen langabezia tasa %15,34koa dela, gizonezkoena baino ia 6 puntu handiagoa (%9,54). Era berean, datuek erakusten dute langabezia egoeran dauden pertsonen hiru laurdenak ez duela inolako lanbide-prestakuntzarik. Eta, adinari dagokionean, langabezian daudenen erdiak 45 urtetik gora dute.