Deba ibaiaren eta Sasiola-Astigarribiatik estuariorainoko ibaiertzaren Paisaiaren Ekintza Plana osatu da
Deba ibaiaren eta Sasiola-Astigarribiatik estuariorainoko ibaiertzaren Paisaiaren Ekintza Plana Debako eta Mutrikuko Udalek sustatu dute eta Debegesa Garapen Agentzia arduratu da erredakzioaz. Plan honek Deba ibaiaren eta ibaiertzaren paisaia berreskuratzea eta balioan jartzea du helburu, hain zuzen ere, zatirik interesgarrienean, bai paisaia aldetik, baita bertan biltzen diren ondare kultural eta natural elementu ugariengatik ere.
Planak hiru lerro estrategiko jasotzen ditu:
- Kontserbazioaren, berreskurapenaren eta balioan jartzearen aldeko apustua, bertako aberastasun naturalaren (geologia, landaredia, fauna, flora, hidrologia, ibai-ekosistema) berreskuratzea eta balioan jartzea, pertsonen bizitza gauzatzen den paisaiaren oinarri moduan.
- Kostaldeko Done Jakue Bidearen Sasiolako saihesbidearen aldeko apustua (Gizon-Emakume guztien Ondarea), Deba ibaia zein interes natural eta kulturaleko elementuak balioan jartzeko oinarri gisa. Geologia Interesgune ugari dituen lekua da, Euskal Herriko paleolito garaiko aztarnategi multzo garrantzitsuenetakoa barne.
- Ibaira hurbilketa baten aldeko apustua ibai-ekosistema eta ingurune naturala errespetatuz (ibaiertzetik eta ibaiaren ibilgurik bertatik), bakar-bakarrik Casacampo-Artzabal eta Sasiola-Astigarribia inguruneetan, tartean kokatutako Arno-Izarraitz korridorearen funtzionamendua bermatze aldera.
Lerro estrategiko hauetatik abiatuta, Ekintza Planak 12 helburu nagusi ezartzen ditu eta, guztira, 55 ekintza biltzen ditu.
Herritarren partaidetza
Azpimarratzekoa da Plana garatzerako orduan, hasierako diagnostikoa egiteko fasetik hasita, herritarren partaidetza zabala. Epe honetan hainbat bilera egin dira, elkarrizketak, idatzizko inkestak eta irteerak.
Horregatik, herritarren partaidetzak garrantzia berezia izan du lanaren fase guztietan, bai paisaiaren pertzepzio eta balorazioari dagokionean, bai eta ideien ekarpen eta proposamenen kontrasteari dagokienean ere. Guztira, 60tik gora lagunek parte hartu dute.
Honenbestez, Debako eta Mutrikuko Udalek eskerrak eman nahi dizkie Deba ibaiaren Paisaiaren Ekintza Plana osatzeko prozesuan parte hartu duten herritar gutziei euren ekarpen eta inplikazioarengatik.
Deba ibaiaren eta Sasiola-Astigarribiatik estuariorainoko ibaiertzaren Paisaiaren Ekintza Plana Debako eta Mutrikuko Udalek sustatu dute, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Plangintza sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako sailaren laguntza du.