Energiaren Eskualdeko Behatokia jarri du abian Debabarreneko eskualdeak
Debabarreneko Gipuzkoako Udalek – Deba, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Soraluze –, Debegesa garapen agentziarekin elkarlanean, Debabarreneko Energiaren Eskualdeko Behatokia jarri dute martxan. Egitasmoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren laguntza jaso du.
Aurkezpen ekitaldia gaur egin da Debegesaren egoitzan eta bertan izan da Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendaria, Monica Pedreira. Ekitaldian parte hartu dute, halaber, Debabarreneko sei udaletako alkate eta ordezkariek eta Debegesako zuzendari nagusiak, Juan Angel Balbasek.
Energiaren Eskualdeko Behatokia Informazio eta Komunikazio Teknologietan oinarritzen den plataforma berritzailea da; horniduren kudeaketa eta udal instalazioen energia kontsumoen azterketa egitea ahalbidetzen du (argiteria publikoa, eskailera mekanikoak, udal eraikinak…). Kudeaketa erreminta honekin jasangarritasunaren aldeko urratsak eman eta aurrezpena eta eraginkortasun ekonomikoa (€), energetikoa (kWh) eta ingurumenekoa (CO2 tonak) neurtu ahal izango dira.
Debabarreneko Energiaren Eskualdeko Behatokiak eskualdeko sei herri gipuzkoarrei emango die zerbitzua (guztira, 73.000 biztanle): Deba, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Soraluze. Sei udalerrietan energiaren kudeaketarako SIE software bat ezarri da (Energia Informazioaren Sistema) eta honek ahalbidetuko du udaleko energiaren fakturazio egokia kontrolatzea, hornidura energetikoen kontratazioa hobetzea, eta udalerrietako eraikin eta argiztapen publikoko koadro guztiak erregistratzea eta horien portaera aztertzea, eskualderako plataforma bakar batean.
Energiaren kudeaketarako erreminta berria ezartzearekin batera, sei udalerrietako teknikariei zuzendutako prestakuntza saioak egin dira.
Inbertsiorik egin beharrik gabeko neurriak soilik hartuz, Behatokiak 74.073 euroko aurrezpen potentziala detektatu du, energia faktura osoaren %4,3. Aurrezpena energia erreaktiboa zuzenduz, hornidura eta potentziak optimizatuz eta zenbait hornidura utziz lortuko litzateke. Zuzenketa hauetako batzuk egin dira jada eta beste batzuk martxan daude.
Behatokiak, halaber, bizileku- eta zerbitzu sektorearen energia kontsumoen eta berotegi-efektuko gasen isurien datuak erakusten ditu. Datu hauek Udalsarea21-eko energia eta klimarekin lotutako jasangarritasun indikadoreak erabiliz kalkulatu dira.
Energiaren Behatokia ezarri duen Euskadiko bigarren eskualdea da Debabarrena. Energiaren kudeaketarako proiektu berritzaile hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin egin da.
Energia arloan herritarrei zuzendutako informazio eta kontzientziaziorako erreminta izango du Debabarrenak
Behatokiarekin batera, Debabarrenak ENERGIA ATARIA sortu du herritarrek informazioa gardentasunez jaso dezaten. Ataria automatikoki elikatzen da Energia Informazioaren Sistematik; informazioa emateaz gainera, atariaren bitartez udalerriko energia-politika ezagutzera emateko aukera dute Udalek eta energia-kontsumoaren gaineko sentsibilizazioa sustatu.
Atariaren bitartez, herritarrek udalaren hileroko argiaren faktura zenbatekoa den jakin ahal izango dute eta aurreko urtearekin alderatuz aurreztu den ala ez. Udalaren energia-kontsumoa beste herrikoekin alderatzeko aukera ere izango dute edota atmosferara zenbat CO2 isuri den.