Debabarrenak bere turismo eskaintza aurkeztuko du Madrilgo Fitur azokan

2018-01-17 Iruzkinik ez

Debabarreneko eskualdea Fiturren da beste urte batez. Nazioarteko turismo azokarik garrantzitsuenetakoa da Madrilgoa eta gaur hasi eta igandera bitarte egongo da zabalik.

Euskadiko standaren barruan, Euskal Kostaldearen txokoan, Debabarreneko erakargarritasunen berri emango zaie bisitariei: proposamen turistiko desberdinen gaineko informazioa, eskualdeko herriei buruzkoa… beti ere, noski, Debabarreneko baliabide turistiko nagusiena azpimarratuz: Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea, Mutrikuko, Debako eta Zumaiako (Urola Kosta) herriek osatua.

Nabarmentzekoa da Geoparkeak aurten ere presentzia bikoitza izango duela Madrilgo turismo azokan. Batetik, Euskadik Fiturren duen erakustokian izango du lekua eta, bestetik, Europako UNESCO Geoparkeen Sarearen markapean. Hain zuzen, Geoparkeak stand berezia izango du beste bost Geoparkerekin batera: Naturtejo (Portugal), Sobrarbe (Huesca), Villuercas Ibores Jara (Extremadura), Las Loras (Burgos-Palentzia) y Lanzarote (Kanariar Uharteak).

Debabarreneko ordezkaritza bat Madrilgo azokara abiatu gaur: Debako eta Mutrikuko alkateak, Pedro Bengoetxea eta Jose Angel Lizardi; eskualdeko turismo bulegoetako arduradunak, Jasone Galdona (Deba) eta Marta Amonarriz (Mutriku) -azken honek inaugurazio egunean euskal kostaldeko museoen inguruko hitzaldia eskainiko du-; Geoparkeko gerentea, Leire Barriuso, eta zuzendari zientifikoa, Asier Hilario; Juan Angel Balbas, Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziako zuzendari nagusia, eta Aitziber Cortazar, Debabarrena eskualdeko turismo arduraduna.

 

Debabarrenak Gipuzkoa kostaldeko erakarpenen berri emango du

Fitur azokaren 2018ko edizio honetan, Euskadiko standean hainbat informazio gune ipiniko dira, kostaldea zein barnealdea bere osotasunean ezagutzera emateko xedez. Hala, azokara doazen bisitariek Euskadiko baliabide, produktu eta erakarpen turistiko desberdinen inguruko informazioa jaso ahal izango dute.

Gipuzkoako Kostaldeak bere txokoa izango du bertan, kostaldeko lau eskualdeen berri emate aldera. Asteburuan Debabarrena eskualdea egongo da Gipuzkoako kostako baliabideen inguruko informazioa eskaintzen, bai publiko orokorrari baita sektoreko profesionalei ere.

 

Fitur 2018