Debabarreneko Plan Estrategikoaren Berrikuspen partziala azken fasean da jada
Debabarreneko Plan Estrategikoaren Berrikuspen Partzialaren baitan, Debegesa Garapen Agentziak atal bat prestatu du bere webgunean herritarren partaidetzari irekia — Debabarreneko Plan Estrategikoaren Berrikuspen Partziala – Partaidetza prozesua.
Debabarreneko Plan Estrategikoren berrikuspenak balioko du egungo beharrei erantzun ahal izateko edukiak eguneratu eta egokitzeko, Debabarreneko eskualdeak aurrean dituen erronka berriei aurre egin ahal izateko.
Debegesak herritarren eskura jarri du webgunean Planaren dokumentua eta, horrekin batera, online galdetegi bat bete ahal izango dute herritarrek euren ekarpenak eginez eta jarduera-lerro estrategiko bakoitzeko programak lehenetsiz, beti ere, Debegesaren jarduera eremuaren barruan.
Helburua 2022an finkaturik, Plana 9 Lerro Estrategikotan banatzen da, eta jarduera-lerro hauek 39 programa eta 126 ekintza biltzen dituzte, lurralde-, ingurumen- eta arlo sozio-ekonomikoaren inguruan:
- Beste gobernantza-eredu baterantz abiatzea.
- Debabarreneko berrindustrializazio-eredua. enpresa-sare lehiakorra eta iraunkorra sustatzea, industria-sarea lehenetsiz, debabarreneko apustu partekatu gisa.
- Debabarrenean kalitatezko enplegua eta aukera-berdintasuna sustatzea.
- Eskualdeko udalerrietako hiri-paisaia eta espazio hondatuak berritzea sustatzea.
- Debabarrena produktu anitzekoa, lehiakorra eta urte guztikoa den turismo-helmuga gisa indartzea, erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetzari lehentasuna emanda.
- Energia-eredu lehiakor bat garatzea, energia-eraginkortasunean eta tokiko baliabideen aprobetxamenduan oinarrituta.
- Eskualdeko natura-baliabideak berreskuratzea, balioestea eta kudeatzea.
- Ibilgailu pribatua ez diren garraiobideen erabilera sustatzea, barruko zein kanpoko joan-etorriak egiteko.
- Eskualdeko ingurumen-kalitateari buruzko ezagutza handitzea, ingurumen-kalitatea hobetzea eta arriskuak txikitzea.
Galdetegia bete ahal izango da martxoaren 21era bitarte. Behin berrikuspen fase hau amaituta, Debegesak ekarpenak aztertu egingo ditu datozen urteetan abiatuko den behin betiko plan estrategikoa zehazte aldera.