Debabarreneko 15 gazte biltegi-lanetarako trebatzen hasi dira, Txertatu Merkatuan egitasmoaren baitan
Debabarreneko 15 gazte hasi ziren atzo, hilak 5, biltegi-lanetarako trebatzen, Txertatu Merkatuan egitasmoaren barruan. Hasi berri den honekin, eskualdean hiru dira egitasmo honen baitan martxan diren prestakuntza tailerrak, Debabarreneko zortzi Udalek sustatuta, Debegesa garapen agentziaren bitartez.
Tailerrak doakoak dira. Atzo abiatu zen tailerra, “Biltegiko jarduera lagungarriak” izenburupean, datozen hiru hilabeteetan eskainiko da Elgoibarko IMHn. Izena eman duten hamabost lagunetatik sei emakumezkoak dira. 18 eta 29 urte bitarte dituzte eta eskualdeko herri ezberdinetakoak dira: 4 Soraluzekoak, 3 Elgoibarkoak, 3 Eibarkoak, 2 Mendarokoak, 1 Debakoa, 1 Ermukoa eta 1 Mutrikukoa.
Gainerako bi tailerrak, sukaldaritzakoa eta estaldura eta pinturakoa, joan den otsailaren 19an hasi ziren Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketa Udal Institutuan. Batean 9 lagunek eman dute izena eta bestean 15 lagunek.
Txertatu Merkatuan egitasmoaren helburua da ikasketak utzi dituzten eta langabezian dauden 16 urtetik gorako eta 30 urtetik beherako gazteei gizarte- eta lan-aktibazioko jardueretan parte hartzeko aukera eskaintzea, benetako lan-esperientziak izan ditzaten.
Egitasmo berritzailea da, partaideen ezagutza eta trebetasunak hartzen dira oinarritzat lan-profil bat eraikitzeko. Helburua da gazteen motibazioa lantzea eta autoestimua areagotzea, horretarako ikasgela tradizionalean erabiltzen ez diren metodologien bitartez.
Txertatu Merkatuan programak gazteen profil eta premiei egokitutako ibilbidea proposatzen du eta bi fasetan garatzen da: Egokitu eta Trebatu.
Egokitu izeneko lehenengo fasea gizarteratze eta lan-aktibaziorako laguntza-prozesuaren hasiera da. Programak gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartze prozesu bat hasten du eta bakarka zein taldean lan eginez parte-hartzaileen lan-profila eraikitzea du helburu.
Bigarren fasean, Trebatu, gazteek prestakuntza tailerretan parte hartuko dute, enpresetan praktikak egiteko aukerarekin.
Egitasmo hau Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren baitan kokatzen da eta Europako Gizarte Funtsak %91,89an finantzaturik dago.