Armeria Eskola, metrologiako formazio dualean aitzindari
Espezializazio hau garatzeko, Armeria Eskola sektore honetako bi erreferenterekin elkartu da: Metrologia SARIKI eta automozioko ACICAE klusterra, AIC Academy zentroaren bidez.
Eskaintza berrian hainbat zentrotako ikaslek hartuko dute parte, Fabrikazio Mekanikoko Goi Zikloa amaitzen ari direnak, hain zuzen ere. Espezializazioan zehar, ezagutza berria praktikan jartzeko aukera izango dute, dual eran, beka bidez, Bizkaia eta Gipuzkoako 11 enpresatan.
Euskadi osoan zehar kokaturik daude lantokiak: Arratiako bailaratik Zestoaraino, aeronautika, automozioa, makina-erreminta edota fabrikazioaren sektoreetan.
Guztira, 2000 ordu egingo dituzte, formazioa Eskolan ta praktika lantokian uztartuz. Azken finean, Metrologian adituak diren Goi-mailako teknikariak izango dira, lan mundua bertatik bertara ezagutuko dutenak.
Izan ere, metrologoaren figura oso profil bilatua ari da izaten Debabarrenako sektore industrialean azken urteotan, kasu batzutan, ordezkapen kontratuak urtebetetik gorakoak izanik.