Debabarrenean 16 enpresa berri abian jartzen lagundu zuen Debegesak 2017an

2018-03-06 Iruzkinik ez

Debabarrena Ekinean egitasmoaren baitan, Debegesa garapen agentziak Debabarrenean 16 enpresa berri sortzen lagundu zuen 2017an eta, guztira, enpresa hauek 47 enplegu berri sortu dituzte eskualdean. Debabarrena Ekinean ekimenaren xedea ekintzailetza sustatzea da, jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko tresna baita.

2017an, denera 150 pertsona hurbildu ziren Debegesako bulegoetara enpresa bat sortzeko informazio edota aholkularitza eske, horietatik 25 lagunek bideragarritasun plana burutu zuten, eta azkenik, 16 enpresa-jarduera berri abiatu ziren.

Ekintzaileen batezbesteko adina 35 urtetik 45 urtera artekoa da, horietatik %56 gizonezkoak dira eta gainerakoak, %44, emakumezkoak. Gehienek maila ertaineko prestakuntza dute, %33k lehen mailako ikasketak dituzte eta %28k unibertsitate ikasketak.

Debegesako Enpresa proiektu berrien sustapenerako zerbitzuak aurrera daraman lanaren ondorio da enpresa berri hauen sorrera. Ekintzaileei laguntza integrala eskaintzen zaie, eta azken helburua da enpresa-jarduera hauen iraupena eta hazkundea bermatzea.

Debegesak informazioa eta aholkularitza eskaintzen die, doakoa eta banakakoa, euren negozio-ideia martxan jarri nahi duten ekintzaileei eta beharrezko dituzten tresnak jartzen dizkie eskuragarri euren enpresa-proiektua garatu dezaten baldintza onenetan, bideragarritasun plana lantzen lagunduz, laguntza eta diru-laguntzen gaineko informazioa eskainiz, finantziazioa eskuratzeko erraztasunak erakutsiz, edota Eibargunea deritzon enpresa-inkubagailuan kokatzeko aukera emanez. Eibarko Udalaren, Sprilurren eta Debegesaren artean sinatutako hitzarmen bati esker sortua, inkubagailua Eibarko Azitain industrialdean kokatuta dago, eta eskualdeko ekintzaileei lanerako espazioak partekatzeko aukera eskaintzen die.

Gainera, 2018an ere, finantza erakunde ezberdinekin Debegesak dituen lankidetza hitzarmenek indarrean jarraituko dute, ekintzaileei euren enpresa-proiektuak abian jartzeko erraztasunak izan ditzaten.

 

2018an, langabezia egoeran dauden 18 ekintzaile izan dira Lanbideren diru-laguntzen onuradun

Debegesa garapen agentzia arduratu da, Lanbideren entitate kolaboratzaile baimendua denez gero, langabezia egoeran dauden ekintzaileei zuzendutako Lanbideren diru-laguntzak Debabarrenean bideratu eta banatu dituena (deialdia 2018ko urtarrilean egin da). Diru-laguntza hauen helburua da jarduera ekonomiko berriak bultzatzea eta enplegua sustatzea.

18 lagun izan dira onuradun, horietatik 10 emakumeak dira eta, berriz, 11 lagunek 30 urte baino gutxiago dute. Zehazki, zazpi diru-laguntza enpresa berri bat martxan jarri nahi duten ekintzaileentzat izango dira eta gainerako hamaika negozio ideia garatu nahi dutenentzat. Guztira, 26.525 euro bideratuko dira.

Halaber, Debegesa arduratuko da 18 lagun hauei euren proiektuak aurrera eramateko beharrezko duten aholkularitza eta laguntza eskaintzeaz.