Etxean edo eraikinean birgaitze-lanak egin nahi dituzten herritarrei diru-laguntzen gaineko doako zerbitzua eskaintzen die DEBEGESAk

2018-04-03 Iruzkinik ez

Debegesa garapen agentziak, Birgaitzeko Hirigintza Elkartea denez gero, doako zerbitzua eskaintzen die euren etxebizitza edota eraikina birgaitzeko asmoa duten herritarrei, partikularrei zein bizilagunen komunitateei.

Zerbitzu honen bitartez, herritarrek diru-laguntzen gaineko informazioa jasoko dute (zer baldintza bete behar diren, zein dokumentazio eskatzen den, zer tramite edota epe bete behar diren…). Informazioa emateaz gainera, eta galdeginez gero, Debegesa arduratzen da Eusko Jaurlaritzako (Etxebide) diru-laguntzen espedienteak tramitatzeaz.

Honela, etxean edo eraikinean birgaitze-lanak egin behar dituzten herritarrek (partikularrek zein bizilagunen komunitateek) Debegesara jo dezakete informazio eta laguntza eske. Horretarako, aurrez telefonoz deitzea eta txanda eskatzea komeni da, 943 82 01 10 telefonora deituz (Igor).

Halaber, egitekoak diren birgaitze-lanen arabera, herritarrek eskura dituzte Birgaitze Jasangarrirako Fitxa praktikoak. Fitxa hauek birgaitze-lan horiek jasangarriagoak izan daitezen oinarrizko neurriak jasotzen dituzte.

Iaz Debegesako birgaitze zerbitzuak 129 kontsulta jaso zituen eta 75 espediente tramitatu zituen; horietatik 50 eraikinak birgaitzeko izan ziren eta gainerako 25 espedienteak etxe partikularrak birgaitzeko.