HELDU! ekintzailetza-programaren hirugarren edizioa 5 proiekturen aurkezpenarekin amaitu da

  • Programa irailean hasi zen, eta parte-hartzaileek formakuntza eta aholkularitza jaso dute denbora horretan, beren negozio-ideiak baliozkotu eta testatzeko
  • HELDU! programak Eibarren enpresa-jarduera berriak martxan jartzea du helburu, eskualdeko ehun ekonomikoa eta lehiakortasuna indartzen laguntzeko xedez

Abenduaren 16an HELDU! programaren hirugarren edizioaren amaiera-ekitaldia egin da. HELDU! programa Eibarko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak sustatzen du, Debegesa eskualde-garapenerako agentziarekin lankidetzan. Helburua da ideia berriak edo negozio-lerro berritzaileak testatu eta baliozkotzea.

2024ko edizioa ixteko antolatu den Pitching day saioan, 6 parte-hartzaileek beren proiektuak aurkeztu dituzte Debegesaren ondoko inkubagailuan; bertan izan dira Udaleko eta Debegesako ordezkariak eta baita programaren kolaboratzaileak ere.   

Aurten 5 proiektu landu dira: 2 proiektu industria-sektoreari lotutakoak –errodamendu erradialei buruzko proiektu bat eta bizikleta-koadroen inguruko beste proiektu bat–,  proiektu 1 Fintech eremuari lotua, eta beste 2 zerbitzuen sektoreari lotuak –diseinu grafikoari eta eskolaz kanpoko diseinuari buruzko proiektu bat, STEAM metodologiarekin, eta beste bat ingeniaritza integratuko aholkularitzari buruzkoa–.

Programaren helburua da ideia edo proiektu bat duten pertsonek beharrezkoak diren tresnak edukitzea, egitasmo hori zehazteko eta kontrastatzeko eta abian jartzeko.

“Heldu! Programak gure herriaren garapen ekonomikoarekin eta berrikuntzarekin dugun konpromisoa islatzen du. Udalean, Debegesarekin batera, lanean dihardugu gure herriko ideia berritzaileek espazio bat izan dezaten hazteko eta proiektu sendo eta bideragarri bihurtzeko”, adierazi du Vanesa Hortas Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Saileko zinegotziak. Era berean, parte-hartzaileak zoriondu ditu, erakutsi duten esfortzuagatik eta dedikazioagatik.

3 hilabete iraun duen programan, proposatutako ideiak aztertu eta haien bideragarritasuna bermatzeko beharrezkoak diren alderdi guztiak landu dira. Horren barruan sartzen dira, besteak beste, negozio-ereduaren (bir)definizioa eta komunikazioa, eta baita funtsezko etapak ere, hala nola prototipatzea eta baliozkotzea, estrategia, finantzaketa-, marketin- eta salmenta-planak egitea, taldeen eta pertsonen kudeaketa, eta legeari dagozkion gaiak.

Lan hori egiteko, ekintzaileek talde-prestakuntza jaso dute programaren hasieran, eta, hortik aurrera, aholkularitza pertsonalizatua izan dute hainbat arlotan esperientzia handia duten adituen eta erakunde espezializatuen eskutik, hala nola Gestilan, A+G, Think On Marketing, Start eta Geist Consultancy. Gainera, prozesu osoan zehar, espazio egokia izan dute berrikuntzan oinarritutako komunitate ekintzailea sortzeko.

Cristina Zumeta Debegesako Berrikuntza, Ekintzailetza eta Enpresa Saileko arduradunak azaldu duenez, “garapen-agentzian, eskualdeko udalekin lankidetzan, ekintzailetza-ekimen berriak garatzen ari gara, jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sortzen laguntzeko, baina uste genuen ibilbide-orri bat behar genuela epe ertain-luzerako, eta horregatik diseinatu dugu Debabarreneko 2023-2026 Ekintzailetza Plan Estrategikoa, Debabarreneko Ekintzailetza Foroarekin lankidetzan.

Azkenik, Goretti Abascalek, programaren parte-hartzailea eta On Ekin 2024 sariaren irabazleak, “Programak buruan genuen ideia bat zehazteko, garatzeko eta etorkizuneko errealitate gisa ikusteko balio izan digu. Ikaskuntza proaktiboa, adituen laguntzarekin, ekiteko askoz ere prestatuago ikusten gaituena” esan du.