2018ko Gure Balioak Saria jasotzeko hamalau hautagai proposatu dituzte
Hamalau hautagai aurkeztu dituzte aurtengo Gure Balioak Sarirako. Aurten bederatzigarren edizioa beteko du. Proposamenak aurkezteko epea igandean amaitu zen, hilak 15.
Epaimahaia irailean bilduko da aurkeztu diren hautagaiak aztertu eta baloratzeko eta erabakiaren berri irailaren amaieran edo urrian emango da. Saridunak Juan Luis Baroja Collet artistaren eskultura bat jasoko du, sari honetarako bereziki diseinatua. Sari-emate ekitaldia aurten Mallabian egingo da, urrian.
Debegesa eskualdeko garapen agentziak 2010etik sustatu eta antolatzen du urtero Gure Balioak Saria, Debabarreneko eskualdean giza balioen sustapenean nabarmendu den pertsona edo entitateen jarduna publikoki aitortzeko asmoz. Gure Balioak Sariak bereziki indartu eta sustatu nahi dituen oinarrizko balioak integritatea, errespetua, ekintzailetza eta elkarlana dira.
Iaz, Felix Etxeberria elgoibartarrak jaso zuen Gure Balioak saria, eta aurreko edizioetan irabazle izan dira: Nerea del Campo Agirre, Antonio Cancelo Alonso, Sabin Osoro Unzueta, Carmelo Urdangarin Altuna, Jesus Bilbao Azpiri, Gemma Agirregomezkorta Laka, eta Mª Tere Gantxegi Juaristi.