4.534 eskola-agenda atera ditu DEBEGESAk Debabarreneko ikasleen artean banatzeko
Beste urte batez, eta dagoeneko badira hamabost, Debegesa Garapen Agentziak ikasle agenden edizio berri bat egin du eta ikasturtearen hasierarekin batera banatuko ditu Eskolako Agenda 21 egitasmoan parte hartzen duten ikastetxeetako ikasleen artean.
Eskolako Agenda 21 programaren baitan, datozen bi ikasturteetan hondakinen gaia landuko dute eskualdeko ikastetxeetan, Debabarreneko Mankomunitatearekin elkarlanean, eta gai horixe du ardatz aurtengo agendak, “Murriztu, berrerabili eta birziklatu” goiburuarekin.
Guztira 4.534 ale kaleratu dira eta eskola-agendak datozen egunetan banatuko zaizkie LH1, LH2 eta Batxilergoko ikasleei (6-18 urte). Helburua da sortzen ditugun hondakinei buruzko gogoeta eta kontzientzia piztea haur eta gazteen artean, Debabarreneko azpiegiturak eta hondakinen kudeaketa ezagutaraztea eta ingurunearekiko errespetua sustatzea oinarrizko hiru pauso hauek jarraituz: murriztu, berrerabili eta birziklatu.
Diseinu erakargarri batekin, agendak Debabarreneko hondakinen zikloari buruzko informazioa eta mezu didaktikoak jasotzen ditu, ilustrazio koloretsuekin batera. Era berean, baliabide erabilgarria eta praktikoa da ikasleentzat, zereginak antolatzeko, egun seinalatuak apuntatzeko, oharrak jasotzeko, eta abar. Aukeratutako gaiarekin zerikusia duten bitxikeriak, eskualdeko telefono zenbaki interesgarriak eta arlo sozial eta ingurugiroarekin lotutako nazioarteko jaiegunak ere agertzen dira.
Eskola-agendak ikastetxeen, Debabarreneko Udalen eta Eusko Jaurlaritzaren elkarlanarekin eta laguntzarekin editatu eta banatu dira. Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten 26 ikastetxeetako koordinatzaileei banatuko zaizkie eta hauetako 17 ikastetxetako ikasleei.
Agenda euskaraz argitaratu da eta paper eta tinta ekologikoan inprimatu da.
Eskolako Agenda 21 Debabarrenean
Debegesa Garapen Agentziak sustatu eta koordinatzen du Eskolako Agenda 21 egitasmoa Debabarreneko ikastetxeetan. Eskola-komunitateari zuzendutako garapen jasangarrirako heziketa programa bat da eta ondorengo helburu hauek ditu:
- Ikastetxeak ingurumen eta gizarte jardunbide egokien eredu bihurtzea.
- Ingurumen eta gizarte-arazoak identifikatzeko eta horiei konponbidea emateko gai diren ikasleak heztea.
- Partaidetza eta ingurumenarekiko errespetua sustatzen duen hezkuntza bermatzea.
Proiektuan parte hartzen dute Udalek, Ingurugelak eta eskualdeko 26 ikastetxek (8.000 ikasle inguru). Eskola komunitate osoari – irakasleak, ikasleak eta familiak – zuzendutako ekintzak egiten dira.