Debagoieneko garapen agentziak eta DEBEGESAk abian jarri dute gizarteratze- eta laneratze-sarea

2018-10-03 Iruzkinik ez

Gaur, hilak 3, Debabarrena eta Debagoiena eskualdeetan bazterkerian dauden pertsonen prestakuntza eta enplegurako sarea sortzeko prozesuaren emaitzak aurkezteko bilera egin da Debegesa Garapen Agentzian.

Sarearen helburua da, lan koordinatuaren eta elkarlanaren bidez, arlo honetan eskualde mailan jarduten duten eragileen gizarteratze- eta laneratze-prozesuak hobetzea, gizarte-egoera ahulean dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea lortzeko.

Bileran 50 bat lagunek parte hartu dute. Horien artean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Indarkeria Matxistaren Emakume Biktima Babesteko eta Gizarteratzeko zerbitzuburua, Patxi Leturia, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratze saileko teknikari Iratxe Moreno, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu zuzendaria, Sonia Perez. Bertan izan dira, halaber, eskualde bakoitzeko Sareetan parte hartuko duten eragileen ordezkariak, hala nola, esparru honetan eskualde mailan lan egiten duten administrazio eta instituzio publikoek, elkarteek, erakunde eta entitate pribatuek eta ekimen sozialekoek. Bertaratutakoei ongi etorria eman diete Koldo Azkoitiak, Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziako arduradunak, eta Juan Angelek Balbasek, Debegesako zuzendari nagusiak. 

Proiektuaren definizioko eta diseinuko fasea burutu eta gero, Sarea martxan da modu esperimentalean Debagoieneko eta Debabarreneko eskualdeetan, Debegesak eta Debagoieneko garapen agentziak bultzatuta.

Sarearen abiaraztea lankidetza-esperientzia berritzailea eta aipagarria da eragile pribatuen eta publikoen, maila desberdinen (tokikoa, eskualdekoa, lurralde historikoa…), sistema desberdinen (enplegua, gizarte-zerbitzuak, diru-sarrerak bermatzeko errenta…) eta lan-esparruen artean.

Proiektuak Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du, Etorkizuna Eraikiz GipuzkoaLab ekimenaren barruan.