Lan-orientazio zerbitzua berriro martxan da DEBEGESAn

2018-10-04 Iruzkinik ez

Lanbideren zentro kolaboratzailea den Daiteke Gizarte Aholkularitzaren eskutik, Debegesako orientazio zerbitzuaren bidez enplegu bila ari direnek edo lan egoera hobetu eta euren prestakuntzara egokitutako lanpostua lortu nahi duten pertsonek doako laguntza jasoko dute: euren beharretara egokitzen den lan ibilbide bat jarraitu ahal izango dute, euren helburu profesionalera egokitzen den curriculum vitaea egiten ikasiko dute, lan bilaketaren planifikazioan aholkularitza jasoko dute, hautaketa prozesu ezberdinak gainditzeko aholkuak jasoko dituzte (elkarrizketak, talde dinamikak, psikoteknikoak) eta Lanbiden eskaera eguneratzeko aukera ere izango dute.

Zerbitzu honi esker, gainera, Enplegu Zentro bat ere izango dute erabiltzaileek eskura; interneterako konexioa duten ordenagailuak erabiltzeko eta curriculumak inprimatzeko aukera izango dute. Une oro, orientatzaile baten laguntza dute bai ordenagailuak erabiltzeko, bai lana bilatzeko webguneetan izena emateko edota Linkedin sare sozialean izena eman eta perfila sortzeko.

Orientazioa bakarka, aurrez txanda hartuta, edo taldeka eskaintzen da. hamabost egunetik behin doako tailerrak egiten dira lan bilaketa erraztera bideratuta. Tailerrei buruzko informazioa Debegesaren webgunean eta Lanbiden eskuratu daiteke.

Bulego ordutegia astelehenetik ostegunera, 8:30etik 16:30era eta ostiraletan 9:00etatik 15:00etara da. Lan orientazio zerbitzuarekin harremanetan jartzeko eta aurrez hitzordua eskatzeko: 943 82 01 80 telefonora deitu edo maria.alonso@daiteke.com  / araceli.guerrero@daiteke.com helbide elektronikoetara idatzi.

 

Lehen Aukera diru-laguntzen tramitazioa, gazte langabeak enpresetan kontratatzeko

Era berean, Zerbitzu honen bitartez, enpresek Lehen Aukera Programako diru-laguntzen eskaera tramitatu dezakete. Lanbidek sustatuta, helburua da euskal enpresek beren prestakuntzarekin lotutako lanetan esperientzia gutxi edo batere esperientziarik ez duten gazte langabeak kontratatzea, haien enplegagarritasuna hobetzeko neurri gisa, lanbide-esperientzia lortu eta haien laneratzea sendotzearen bidez.

Deialdi honen xedea da 16 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago duten gazteak kontratatzea. Diruz lagundu ahal izango dira lan-kontratu mugagabeak eta gutxienez 6 hilabete irauten duten praktikaldiko kontratuak.

Eskaerak egiteko epea 2018ko urriaren 31ra bitarte dago zabalik.