Julen Zabaleta marrazkilariak datorren ostegunean, hilak 25, jasoko du Gure Balioak Saria, Mallabian egindo den ekitaldian
Gure Balioak Sariaren banaketa ekitaldia datorren ostegunean izango da, hilak 25, arratsaldeko 19:00etan, Mallabiko pilotalekuan. Julen Zabaleta Barrenetxea marrazkilariak (Elgoibar, 1921) jasoko du errekonozimendua “bere legatu historiko-artistiko garrantzitsuarengatik”. Mallabiko Udalak eta Debegesak antolatuta, ekitaldiak DanobatGroup enpresaren laguntza izango du, beste urte batez.
Sari banaketa ekitaldia irekia izango da, herritar ororentzat. Ekitaldiaren baitan, Jose Antonio Azpiazu historialari, antropologo eta idazle legazpiarrak hitzaldia eskainiko du ondarearen balioari buruz. Musikak ere bere tartea izan du ekitaldian, Mallabiko ‘Lagun Artean’ abesbatzaren eskutik.
Julen Zabaleta izango da Gure Balioak Saria jasoko duen bederatzigarren pertsona, 2010. urtean Debegesa garapen agentziaren ekimenez eratu zenetik. Sari honek Debabarrenean gizarte balioen sustapenean nabarmendu den persona publikoki aitortzea du helburu.
Aurtengo epaimahaiak erabaki du saria Julen Zabaleta marrazkilariari ematea, “bere talentu, ekimen eta izaera altruistarengatik; beti prest bere ilustrazio lanak behar dituzten pertsona eta erakundeekin kolaboratzeko eta bere ekarpena egiteko”. Marrazketarako duen pasioari leial jarraituz, nabarmentzekoa da liburu ilustratzaile gisa Julen Zabaletak egin duen ibilbide emankorra, “eta ez du inoiz zalantzarik egin bere marrazkiak uzterako orduan, trukean ezer eskatu gabe“.
Elgoibar, Eibar eta, oro har, Debabarreneko eskualdeari oso loturik egon da, eta azken hamarkadetan gogotik marraztu du gure herrietako eraikin eta alderdi esaguratsuenak errealismo eta zehaztasun handiz jasoz. Hala, epaimahaiak modo oso positiboan baloratu du Julen Zabaletaren lana, “balio artistiko eta kultural handiko; bere obraren bidez, Debabarreneko eta, oro har, Euskal Herriko aberastasun historiko eta arkitektoniko oparoa ikus daiteke, baite geure herriek bizi izan duten eraldaketa ere”.
Azkenik, epaimahaiak aintzat hartu du artistaren “lan isil eta etengabekoa, sormena, eskuzabaltasuna eta aldarte ona”.
Julen Zabaleta Barrenetxeari buruz
Sortzez elgoibartarra, Julen Zabaleta Barrenetxea Eibarren bizi da duela 60 urte baino gehiagotik. Ume-umetatik izan du marrazketarako zaletasun handia eta hasieratik erakutsi zuen talentu berezia horretarako. Sei urterekin aitak bere lehenengo arkatza oparitu zion eta ordutik egun bakar batean ere ez dio marrazteari utzi. 97 urte ditu eta marrazten jarraitzen du luma-muturrez, maisuki eta trazu sendoz.
Afizioa ofizio bihurtu eta makina-erramintaren arloko hainbat enpresatan lan egindakoa da, delineatzaile eta proiektugile gisa, makinen marrazkiak eta argibide-liburuetarako makinen funtzionamendua azaltzen zuten krokisak egiten.
Bere trebeziari eta konstantziari esker 7.000 marrazki inguru egin ditu luma-muturrez Debabarreneko herrietako eta Euskal Herriko eraikin eta alderdi esanguratsuenak jasoz. Gipuzkoako ermita guztiak eta Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako gehientsuenak marraztu ditu, baita eliza, eraikin publiko, baserri, dorretxe, lantegi, garai bateko ogibide eta tradizioak, etabar.
Nabarmena da, halaber, liburu ilustratzaile gisa egin duen ibilbidea. Asko eta asko dira bere marrazkiak jaso dituzten argitalpenak, besteak beste, Pan-Pin Zeruko Argia aldizkariak 1960-1969 urte bitartean argitaratu zuen komiki-aldizkaria, Eibar, Tintaz eta lumaz (2010), Elgoibar, iragana eta oraina (2008), Juan San Martin idazle eibatarraren -Julen Zabaletaren koinata- Zirikadak (1960) eta Eztenkadak (1965), Goierri Marrazkitan (2013), Amaia: VIII. Mendeko euskaldunen istorioak (2006), Ramiro Larrañagaren Armeros vascos (2001), Jose Antonio Azpiazuren Historia de un rapto (1999), Historia de Corsarios vascos (2005) eta Esa enfermedad tan negra. La peste que asoló Euskal Herria (1597-1600) (2011), Javier Carballoren Convento San José de la Carmelitas descalzas (2008) edota bere lagun Carmelo Urdangarin ikerlariak (Gure Balioak Saria 2013) argitaratutako Oficios Tradicionales bildumako liburuak.
Gonbidepena hemen lortu dezakezu