Debabarreneko eskualdeak ‘Basque Precision Technology District’ marka aurkeztu du, bertako sektore industrialaren aldeko apustu gisa

2018-11-20 Iruzkinik ez

Gaur goizean aurkeztu da Basque Precision Technology District marka. Helburu nagusia Debabarreneko industria-sektorea sustatzea eta merkatu globalean eskualdearen gaitasun lehiakorraren posizionamendua laguntzea da.

Basque Precision Technology District Debabarreneko eskualdeko eragile publikoen eta pribatuen apustua da, nazioartean ezaguna den ekintzailetza-tradizio batean eta ekosistema sozioekonomiko paregabe batean oinarritutakoa. Ekosistemaren parte dira:

Industria-trebetasunari eta ekosistema honi guztiari esker, enpresa-talde handiak eta euren sektoreetan aitzindariak diren enpresak sortu dira Debabarreneko eskualdean. Talde eta enpresa horietako batzuk dira: Danobat Group, Etxe-Tar Group, CIE taldea, Egile taldea, Mek taldea, Maher Holding, Cometel taldea, EPC Group, Orbea, ABC Compressors, Jaz Zubiaurre, Masermic, Microdeco eta AVS Added Value Solutions.

Hain zuzen ere, Basque Precision Technology District eskualdearen posizionamendu-marka ezagutzera emateko hedabideen aurrean egindako aurkezpenak enpresa hauetako hainbat ordezkari batu ditu, baita Debabarreneko bestelako entitateetako ordezkariak ere, hala nola, IK4-Tekniker, IK4-Ideko, Itziar-Deba enpresa-parkea, Bic Gipuzkoa, IMH eta Eibar Kirol Elkartea, besteak beste. Proiektua Debegesa eskualdeko Garapen Agentziak kudeatzen du eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak finantzatu du, SPRIren bitartez.

 Ekitaldian parte hartu dute SPRIko zuzendari nagusiak, Alex Arriolak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendari nagusiak, Garikoitz Agotek, Debabarreneko 8 Udaletako alkate eta alkateordeek eta Debegesa garapen agentziako zuzendari nagusiak, Juan Angel Balbasek.

 Azken honek azaldu du Basque Precision Technology District eskualdeko 8 Udalek sustatu duten hausnarketa prozesu baten emaitza dela, eskualde industriala izaten jarraitzearen aldeko ziurtasun osoarekin abiatutakoa, eta Debabarreneko 2020rako Garapen Iraunkorrerako Estrategiaren eta iaz burutu zen 2022ra arte jarraitu beharreko lerro estrategikoen berrikuspenaren ondoren datorrena. Hausnarketa honetan eragile publikoek eta pribatuek hartu dute parte. Juan Angel Balbasen azaldu duenez, ikuspuntu berbera izan dute abiapuntu: “eskualdeak etorkizuna izango badu, industria-bokazioa indartzetik eta Euskadin eratzen ari diren garapen-gune ekonomiko eta sozialekin lotzetik etorriko da”.

Debabarrena, industria-barrutia

Debabarreneko eskualdeak tokiko identitate kultural sendoa eta industria eta fabrikazio arloan eskarmentu handia du. EAEko hiru hiriburuen artean kokapen estrategikoa duen industria-barrutia da. Komunikazio onak ditu eta aukera handiak bere posizionamendu estrategikorako; aprobetxatu eta indartu beharrekoak.

Honela, Basque Precision Technology District eskualdeko ekonomiaren hazkunde iraunkorra sustatzeko asmo garbiarekin sortu da, industria-sarearen lehiakortasuna hobetuz, eta, besteak beste, doitasun-teknologien, 4.0 industriaren, robotikaren eta automatikaren alde egiten.

Debegesako zuzendari nagusiaren hitzetan, nabarmentzekoa da eragile publikoen eta pribatuen artean modu kolaboratiboan lan egin izana, eta adierazi duenez, “Basque Precision Technology District aukera ezinhobea da Debabarrena nazioarte mailan inbertsioak erakartzeko lurralde erakargarri gisa kokatzeko, horiek lagunduko baitute talentua eta jada eskualdean kokatuta dauden enpresak atxikitzen, industriara bideratutako izaera ekintzailea sustatzen, eta Debabarreneko hiri eta herriak bizitzeko leku atsegin eta erakargarri gisa balioan jartzen”. 

Egun Debegesa garapen Agentzia Debabarreneko Industria Lehiakortasunerako Plana 2021 burutzen ari da, eskualdeko industria-sareari begira etorkizuneko egoera lehiakorrago bat lortze aldera. Plan honek balioko du Basque Precision Technology District zein eskualdearen industrializazioarekin lotutako beste zenbait proiektu garatzeko.

 Marka berriarekin batera, www.bptd.eus webgunea aurkeztu da; euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, Debabarreneko produkzio-baliabideak eta ahalmena erakutsiko da bertan, Basque Precision Technology District gisa.