Bukatu dira Dolmenen Ibilbideko seinaleztapen lanak
Bigarren fase honetan, 2020 urtarrilean hasitako seinaleztapenari bukaera eman zaio. Alde batetik, ibilbidea markatzeko espreski diseinatu diren “harri” kuboak ipintzen bukatu da eta bestetik, Agirreburu eta Irukurutzetako dolmenak interpretatu dira. Interpretatuko elementu megalitiko guztietan gaur egongo dolmenaren egoeraren irudia, aurkitutako aztarnen berri eta elementuaren ezaugarri garrantzitsuak azpimarratzen dira.
Ibilbidean elementu geologiko bat ere interpretatu da, batzuetan dolmenaren forma duen elementuek ondorio okerretara eraman gaitzakeela erakusteko.
Bestalde, bi mahai panoramiko ipini dira ibilbidean, bat Idoia inguruan eta bestea, Irukurutzetan. Idoia inguruan ipini dena barne aldera begira dago eta bertatik, Gorbea, Anboto, Aizkorri, Udalaitz, Aitzorrotz edota Elgeako mendilerro ikus daitezke, besteak beste. Irukurutzetan jarri den mahai panoramikotik, ordea, itsasoa, Euskal kostaldeko Geoparkea, Arno, Aiako Harria, Aralar eta Txindoki ikus daiteke eta egun argi batean Pirinioak ikusteko aukera ere egon daiteke.
Hortaz, Dolmenen ibilibidearen seinaleztapen lanak bukatutzat eman dira dagoeneko. Egindako lan honen helburua ibilbidea eta bertan aurkitzen diren elementu megalitikoak balioan ipintzea eta ibilbidea egiten duen edonork ulertu eta gozatu ahal izateko elementuez ahalbidetzea izan da.