Hasi dira Azitaingo industrialdean kokatuko den enpresa-haztegi berriaren obrak
Eibarko Udalak Debabarreneko ekintzailetza babesteko zerbitzua indartzeko abian jarri behar duen enpresa-haztegi berriaren obrak aste honetan hasi dira; hala, eskualdeko pertsona ekintzaileei lan-espazioak partekatzeko aukera emango zaie. Zehazkiago, babesa emango dio Basque Precision Technology District Eskualdeko Estrategiari lotutako industria-esparruarekin erlazioa duten proiektuak eta jarduera espezifikoak garatzeari.
Enpresa sortu berriak bilduko dituen proiektu hau garatzeko, 187.841,29 euroko hitzarmen bat sinatu dute Eibarko Udalaren eta Debegesaren artean. Dirua Eibarko Udalak jarriko du osorik, eta Debegesa arduratuko da haztegia kudeatzeaz eta dinamizatzeaz, aholkularitza pertsonalizatua eskainiz industria-sektorean negozio-ideia bat duten pertsonei.
Haztegia Azitaingo Industrialdean kokatuko da, Debegesaren ondoan. Bost bulego izango ditu eta lankidetzan aritzeko espazio ireki bat, egungo eraldaketa digitalaren ondorioz sor daitezkeen produktu, zerbitzu edo negozio-eredu berrietatik erator daitezkeen premiei erantzuteko. Gainera, bilerako egiteko tokiak eta office bat izango ditu. Industria-arloari lotutako haztegi honek erantzuna emango die Debabarreneko eskualdeko enpresetan eraldaketa digitalaren ondorioz gertatzen ari diren aldaketei.
Jon Iraola alkatearen hitzetan, “enpresa-haztegi berri honekin garbi geratzen da Eibarko Udalaren apustua, ekintzailetza eta proiektu berritzaileen sorkuntza sustatzea ahalbidetzen duten espazio berrien alde. Gainera, enpresen topagune bat izango da, herriari aberastasuna eta lana ekartzeaz gain, Eibarren jarduera ekonomiko berriak sustatuko dituena”.
Hala, espazio berri honek udalerrian eta eskualdean egun dauden beste haztegien batzuen osagarri izan nahi du, hala nola Eibargunea enpresen haztegiarena eta Tekniker haztegi teknologikoarena; eta erabat koordinatuta eta lankidetzan ari da eskualdean dauden gainerako azpiegitura eta baliabideekin.