Debabarrenak Tokiko Iraunkortasunerako Udalsarea 21eko saria jaso du

2008-11-06 Iruzkinik ez

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak eta Udalsarea 21eko kideek Deba, Eibar, Elgoibar, Ermua, Mallabia eta Mutriku saritu dituzte atzo BECen ospatu zen ekitaldian. Debegesako Garapen Iraunkorrerako sailaren arduradunak aurkeztu zuen ekimen saritua atzoko ekitaldian eta Eibarko Ingurumen zinegotziak jaso zuen saria.

 

“Tokiko Agenda 21eko prozesuak indartzeko Iraunkortasun Batzordeak” sortzeagatik saritu dituzte Debabarreneko udalerri hauek, jarduera eredugarrien kategorian.

 

Ekimen honi esker, Deba, Eibar, Elgoibar, Ermua, Mutriku eta Mallabiko udalbatzar berriei eta udal teknikariei prestakuntza eskaini zaie Tokiko Ekintza planen inguruan, plan hauen konpromiso, metodologia eta edukietan sakonduz.  Honez gain, plan hauen exekuzioa bultzatu da ekimenari esker Tokiko Iraunkortasun Batzordeak sortzeko oinarriak jarri dira. Organo hauek ekintza planen jarraipena eta exekuzioa bultzatzeko udal organo egonkorra izango litzateke.

 

Ekimen sarituan 56 teknikarik eta 49 politikarik parte hartu dute, aurreikuspen guztiak gaindituz. Guztira, 880 orduko dedikazioa eskaini zaio proiektuari eta 2009ra begira, 85 ekintza zehaztu dira.

 

Jesus Rementería, Eibarko Ingurumen zinegotziak jaso zuen saria eta Aitziber Cortazar, Debegesako Garapen Iraunkorrerako Saileko arduradunak aurkeztu zituen proiektuaren xehetasunak. Debegesa izan da, hain zuzen ere, ekimen hau koordinatzearen arduraduna, eskualdeko udalekin batera.