Eibar, Ermua eta Soraluzen ere herritar ugarik hartu dute parte ibaia garbitzeko lanetan
Debegesak eta Uraren Euskal Agentziak (URA) elkarlanean
antolatuta, Deba eta Ego ibaien garbiketa-saioak burutu ziren atzo Soraluze,
Eibar eta Ermuko herrietan. Guztira, 60 lagunek hartu zuten parte garbiketa
lanetan, haur eta helduek.
Soraluzen talderik handiena batu zen. Goizeko 10:00etan zuten
hitzordua udaletxe azpian eta 35 boluntario elkartu ziren bertan, horietako
asko Mendi Taldeko kideak. Denen artean zabor poltsa ugari bete zituzten.
Eibarren Azitain auzoan jardun zuten Ego ibaia garbitzeko
lanetan, sarbide zailena zuen puntuan, alegia. Hori dela eta, helduak bakarrik
sartu ziren bertara, 6 lagun, eta ibaiaren garbiketan parte hartu nahi zuten haur
eibartarrak Ermura abiatu ziren.
Ermuan 15 boluntario elkartu ziren eta denen artean Beranoko ubidea
garbitu zuten, Errekalden. Mallabian
ez zen talderik sortu baina bertako 3 herritarrek ez zuten eragozpenik izan
Ermuko taldearekin elkarlanean aritzeko.
Eskularru eta zabor-poltsak hartuta, hiru orduz jardun
zuten ibaian aurkitutako hondakinak jasotzen: plastikozko botila eta
bilgarriak, lata eta burdin pusketak, egur zatiak, gurpilak, zapatila eta
txankletak, zepo bat, auto bateko ihes-hodia, bizikletak…
Behin lanak bukatuta, mokadutxo bat hartzeko aukera izan
zuten boluntario guztiek, indarrak berreskuratzeko.
Ibaia garbitzeko saio hauek Ibai Lagun proiektuaren
baitan kokatzen dira eta esperientzia hauen bidez ibaia kutsatzen duten
hondakinen inguruko sentsibilizazioa egin eta ingurumena zaintzearen
garrantziaz ohartarazi nahi du Debegesako garapen jasangarriko departamentuak.
Debegesak eskerrak eman nahi dizkie boluntario guztiei
eta datorren urtean ere ibaiaren garbiketan parte hartzeko gonbita luzatu nahi
die.