Enpresan langileen partaidetzari buruzko jardunaldia hartuko du Debegesak azaroaren 11an

2011-11-04 Iruzkinik ez

DEBEGESAk, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteak, jardunaldia
antolatu du datorren ostiralerako, azaroak 11, langileen partaidetza enpresan
gai hartuta. Jardunaldia ‘Gure Balioak’ ekimenaren baitan antolatu da. Proiektu
honek Debabarreneko eskualdean gizarte balioak sustatzea du helburu.

 

“Langileen partaidetza esperientziak enpresan” izenburupean,
jardunaldiak lehiakortasuna hobetzeko langileen partaidetzak dituen abantailak
ezagutaraztea eta gertuko enpresetako esperientziak ezagutzera ematea du
helburu, eta eskualdeko enpresa zein interesa duten pertsona guztiei zuzenduta
dago.

 

Eskualdeko enpresetan langileen partaidetza esperientziak ezagutzera
emango dira saioan, enpresen lehiakortasuna hobetzeko ezinbesteko baldintza
gisa.

 

ADEGIko Idazkari Nagusi José Miguel Ayerzak emango dio hasiera
jardunaldiari, euskal enpresetan langileen partaidetzari modu orokorrean helduz.
Jarraian, gertuko lau esperientzia ezagutzeko aukera egongo da, lau
hizlariren eskutik:
Jesus Maria Astigarraga Danobat-eko presidenteak kooperatibismoa
eta langileen partaidetza hartuko ditu hizpide; Alfa Taldeko Giza Baliabideetako
arduradun Jose Luis Carranzak Alfa
taldeko partaidetza esperientziak azalduko ditu; Elgoibarko Alcorta Forging Group enpresako kide
Rubén de la Peñak ardatz hartuko duen gaia partaidetza kapitalean izango da; eta
amaitzeko, Eibarko Code Syntax
enpresako gerente Eneko Astigarragak oinarri teknologikoko enpresa berrietan
langileen partaidetza izango du mintzagai.

 

Jardunaldia Debegesaren egoitzan burutuko da, Eibarko Azitain
Industrialdean, goizeko 09:00etatik 11:00etara. Parte hartzea doakoa da.

 

Parte hartzeko interesa dutenek
izena eman behar dute www.viernesdebegesa.com webgunean edota Debegesarekin harremanetan jarriz,
943 82 01 10
telefonora deituz edota pymes@debegesa.com helbidera idatziz.