120 boluntarioren artean garbitu dute ibaia Deban

2012-09-17 Iruzkinik ez

Aurten bigarren aldiz antolatu du Deban ibaiaren garbiketa Debegesa Garapen Agentziak, Debako Udalaren, Uraren Euskal Agentziaren eta herriko hainbat elkarteren laguntzarekin –Debanatura, Amaikak Bat Futbol Taldea, Yako Surf Eskola, Kukulak, Deba-Itziar Xtream Triatloi Taldea, Zubi Guraso Elkartea eta La Lubina Elkartea-.

 

Guztira 120 boluntariok hartu zuten parte, haur eta helduak, iazko datua aise gaindituz (pasa den urtean 30 lagunek hartu zuten parte) eta 5 edukiontzi bete zituzten goraino: plastikoak, gurpilak, botilak, arropa, oinetakoak, pilak, irrati bat, kotxeko bateria bat…

 

Goizeko 11:00etan egin zuten hitzordua boluntarioek. 100 bat lagun, haur eta heldu,  hurbildu ziren Anes Arrinda Pasealekura. Debegesako Garapen Jasangarrirako Saileko teknikari Aitziber Cortazar-en azalpenak entzun ostean, eskularruak eta zabor poltsak banatu eta  Casa Campo ingurura gerturatu ziren boluntarioak.

 

Han taldeka aritu ziren ordubetez zaborra jasotzen, itsasbehera aprobetxatuz. Lana amaitutakoan, 13:00ak aldera, Anes Arrinda pasealekura itzuli ziren berriz eta La Lubina Elkarteko lagunek prestatutako luntxa dastatzeko aukera izan zuten, indarrak berreskuratzeko.

 

Ordu horretan iritsi ziren bigarren txandako boluntarioak. 17:00ak arte, gutxi gorabehera, 20 bat boluntario ibili ziren ibaia barrutik garbitzen, piragua, stand paddle eta txalupen laguntzarekin. Hauei ere, arratsaldeko lana amaitutakoan, merezitako luntxa eskaini zitzaien, bertako produktuekin (piper berdeak, txorizoa…).

 

Ibaia garbitzeko saio hauek Ibai Lagun egitasmoaren baitan kokatzen dira eta, auzolan hauen bidez, ibaia kutsatzen duten hondakinen inguruko sentsibilizazioa egin eta ingurumena zaintzearen garrantziaz ohartarazi nahi du Debegesak.

 

Debegesa garapen agentziak eskerrak eman nahi dizkie parte-hartzaile guztiei.

 

Argazki galeria: https://www.flickr.com/photos/debegesa/sets/72157631556599279/