2016an, Debabarrenean 25 enpresa berri martxan jartzen lagundu zuen DEBEGESAk
Debegesa garapen agentziak 25 enpresa berri sortzen lagundu zuen 2016an eta, urte berean, ekintzaileei zuzendutako Lanbideren diru-laguntzatan 22.096 euro bideratu zituen.
Debegesak informazioa eta aholkularitza eskaintzen die, doakoa eta banakakoa, euren negozio-ideia martxan jarri nahi duten ekintzaileei eta beharrezko dituzten tresnak jartzen dizkie eskuragarri euren enpresa-proiektua garatu dezaten baldintza onenetan, bideragarritasun plana dela, finantziazioa eskuratzeko erraztasunak direla edota enpresa inkubagailuetan kokatzeko aukera emanez.
Honela, Debegesak 2016an ekintzailetasunaren gaineko 179 kontsulta jaso zituen, horietatik 30ek bideragarritasun plana burutu zuten eta, azkenik, 25 lagunek ekin zioten enpresa-jarduerari. Enpresa gehientsuenak 25 eta 45 urte arteko ikasketadun emakumeek sortu zituzten. Enpresa-jarduera berri hauek 36 lanpostu sortu diztute. Sektoreka, sortu ziren enpresa gehienak zerbitzuekin dute lotura (10) eta, ondoren, merkataritza arlokoak (7), industria arlokoak (5) eta ostalaritza arlokoak (3).
Diru-laguntzei dagokienean, 2016an ere Debegesak ekintzaileei zuzendutako Lanbideren diru-laguntzak bideratu zituen. Debabarreneko 18 ekintzailek jaso zuten laguntza ideiak garatzeko eta proiektuak martxan jartzeko, guztira, 22.096 euro. Gainera, enpresa berrien sorrera sustatzeko Eibarko, Elgoibarko eta Mutrikuko udal diru-laguntzak kudeatzen lagundu zuen.
2017an Debegesak finantza erakunde ezberdinekin dituen lankidetza hitzarmenek indarrean jarraituko dute, besteak beste, Rural Kutxa, Caixabank, Sabadell Bankua eta Laboral Kutxarekin dituen akordioak. Ekintzaileei euren enpresa-proiektuak abian jartzeko finantziazioa lortzeko erraztasunak ematea da hitzarmen hauen helburua, baldintza onetan eta inolako abalik gabe.