60 boluntariok hartu zuten atzo parte ibaiaren garbiketan Deban, Mendaron eta Elgoibarren

2011-11-14 Iruzkinik ez

Deba ibaiaren garbiketa-saioak burutu ziren atzo Elgoibar,
Mendaro eta Debako herrietan, Debegesa garapen agentziak antolatuta. Guztira, 60
lagunek hartu zuten parte garbiketa lanetan, haur eta helduek.

 

Deban talderik handiena batu zen, 30 boluntariok osatua.
Casa Campo izenez ezagutzen den gunean aritu ziren garbitzen. Elgoibarren 16
boluntariok jardun zuten garbiketan, horien artean Gazte Asanbladako gazteak.
Mendaron, Ikastola parean dagoen gunea garbitu zuen 13 lagunen artean, besteak
beste, Tekniker enpresako 4 langile italiar eta holandar.

 

Eskularru eta zabor-poltsak hartuta, hiru orduz jardun
zuten ibaian aurkitutako hondakinak jasotzen: plastikozko botila eta
bilgarriak, gurpilakā€¦ Debako boluntarioek bizikleta zahar bat ere jaso zuten. Guztira,
150 poltsa bete zituzten.

 

Debegesak boluntario hauen guztien laguntza eta
parte-hartzea eskertu nahi du eta datorren urtean berriro ibaiaren garbiketan
parte hartzeko gonbita luzatu nahi die. 

 

Datorren igandean, hilak 20, Eibar, Ermua, Mallabia eta
Soraluzeko herritarren txanda izango da. Esperientzia hauen bitartez, ibaian
pilatzen diren hondakinen inguruko sentsibilizazioa egin nahi du Debegesako
garapen jasangarriko departamentuak.