Abian da Geoparkeko bisita gidatuen denboraldi berria
Geoparkeko bisita gidatuen eskaintzak aukera ematen die bisitariei edozein urte garaitan bertako ondare aberatsa ezagutzeko, eta erakargarri garrantzitsua da Gipuzkoako turismoarentzat. Irteera horietan zientzia, natura eta kultura uztartzen dira.
Aurten, berrikuntza modura, proposamen berri bat gehitu behar dugu, “Flyscheko portuak” izenekoa. Bisitariek itsasontziz egingo dute zeharkaldia, Zumaiatik Mutrikuraino, eta itsasoarekin harreman estua izan duen lurraldeaz gozatzeko eta bertako ondare naturala eta historikoa nahiz itsas-ondarea bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute. Garai bateko bizimodu, ohitura eta ekonomia-jarduera esanguratsuenak erakutsiko zaizkie bisitariei, hau da, ontzigintza Zumaian, merkataritza Deban eta balearen arrantza Mutrikun.
Bisita gidatuen gaineko informazio osoa eta egutegia geoparkea.com webgunean kontsulta daiteke. Halaber, bisita gidatuetarako erreserbak webgunean bertan egin daitezke, baita Mutriku, Deba eta Zumaiako Turismo Bulegoetan ere.
Audio-gidak atzerritik datozen bisitarientzat eta GeoGourmet
Berrikuntzen artean, aipagarria da baita ere audio-gidak eskainiko zaizkiela atzerritik datozen bisitariei, bai ingelesez eta bai frantsesez, bisitarien artean arrakasta gehien duen jardueran, “Ibilaldi gidatua txalupaz” izenekoa, Deba eta Zumaia arteko flyschgune garrantzitsua ikusteko aukera ematen duen itsas-txangoa, alegia.
Geoparkeak, bestalde, landa garapenaren eta bertako produktuen aldeko apustu sendoa egiten du. Honela, lurraldean bertan ekoiztutako kalitate handiko landa eta arrantza-produktuak bultzatuko ditu, “otar” formatoan eta GeoGourmet izenaren pean. Otarrak Deba, Mutriku eta Zumaiako Turismo Bulegoetan eskuratu ahal izango dira.
Lehen fase honetan, bi otar mota jarriko dira salgai: batak, Idiazabal jatorri izendapena duen ardi-gazta zatia, Getariako jatorri izendapena duen txakolin botila eta poto bat hegaluze oliba oliotan bustia gordeko ditu, 20 euroko prezioan. Bigarren otarrak, sagardo ekologiko botila bat eta Idiazabal jatorri izendapena duen ardi-gazta zatia gordeko ditu, 13 eurotan salgai.
Ekimen honekin Geoparkeak nekazaritzako elikagaien sektorea balioan ipini nahi du, daukan garrantzia aitortuz, ez soilik elikagaien ekoizpenerako, baita ondare kulturalari egiten dion ekarpenagatik, espazioaren kudeatzaile gisa egiten duen lanagatik eta Geoparkeko baliabide naturalen, biodibertsitatearen eta paisaiaren administratzaile izateagatik.