Abian, Debabarreneko I. Lanbide Heziketa Azoka

2013-03-08 Iruzkinik ez

Datorren martxoaren 14, 15 eta 16an egingo da Eibarren (Armeria Eskolako patioan) Debabarreneko I. Lanbide Heziketa Azoka, ABIAN, Debegesa Garapen Agentziak antolatuta, eskualdeko lanbide heziketako ikastetxe guztiekin elkarlanean, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Azokak ostegunean irekiko ditu ateak, martxoaren 14an, eta hiru egunez egongo da zabalik, martxoaren 16ra bitartean. Ordutegiari dagokionez, ostegun eta ostiralean goiz eta arratsaldez egongo da zabalik (10:00 – 14:00 eta 16:00 – 19:00) eta larunbatean goizez bakarrik (10:00 – 14:00). Sarrera irekia da eta doakoa.

ABIAN Azoka publiko zabalari zuzenduta dago baina, bereziki, DBH eta Batxilergoko azken kurtsoetako ikasleei, ziklo formatiboetako erdi eta goi mailako azken kurtsoetako ikasleei, heziketa zentroetako eta erakunde publiko nahiz pribatuetako irakasle, orientatzaile eta formatzaileei, enpresa-erakundeei, langile aktibo eta langabeei eta, oro har, herritarrei, lanbide heziketan interesa duten guztiei.

ABIAN Azokak helburu bikoitza du. Batetik, eskualdeko eskaintza formatiboa aurkeztea eta, bestetik, Lanbide Heziketa lan merkatuaren beharrizanei ondoen egokitutako ikasketa gisa nabarmentzea, Lanbide Heziketaren eta enpleguaren arteko lotura erakustea, alegia.

Helburu zehatzagoak hauexek dira:

  • Topagune bihurtzea eta Lanbide Heziketaren alorrean eskualdean burutzen diren jarduera guztiak erakustea.
  • Lanbide heziketaren gaineko informazioa gazteen esku jartzea, lanera sartzea erraztu asmoz.
  • Langile aktiboei eta langabeei eskaintzaren berri ematea, egun duten lanpostua hobetzeko edota lanaren bilaketa errazteko.
  • Herritarrei oro har Lanbide Heziketaren garrantziaz ohartaraztea, garapen sozioekonomikoaren giltzarri gisa.

Hiru egunetan hainbat hitzaldi eta tailer hartuko ditu ABIAN Azokak. Tailer horiek doakoak dira eta parte hartzeko interesa duten guztiek aurrez eman behar dute izena 943 82 01 10 telefonora deituz edo pymes@debegesa.com helbidera idatziz.

Debegesaren webgunean, www.debegesa.com, azokari buruzko informazio guztia kontsulta daiteke, baita egitarau osoa ere.

Sare sozialetan ere badu presentzia Abian azokak. Hala, Facebook-en orrialdea du dagoeneko (facebook.com/AbianAzokaDebabarrena) eta Twitterren ere azokaren berri izango dute erabiltzaileek (@AbianAzoka).

Irekiera ekitaldi ofiziala

Azokaren irekiera ekitaldia ostegunean egingo da, hilak 14, goizeko 10:00etan. Bertan izango dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Lanbide Heziketako Zuzendari Ramon Martinez de Murguia eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo diputatu Jon Peli Uriguen.

Irekiera ofizialaren ostean, mahai-ingurua egingo da “Lanbide Heziketa eta Ingeniaritzaren eta Enpleguaren arteko harremana” izenburupean. Mahai-ingurua irekia da eta herritar oro dago gonbidatuta. Hizlari arituko dira, Ramon Martinez de Murguia eta Jon Peli Uriguenekin batera, eskualdeko hainbat enpresetako ordezkariak:

  • Eduardo Zubiaurre, JAZ ZUBIAURRE, S.A.-ko Zuzendari Orokorra eta ADEGI-ko presidente ohia
  • Mercedes Zulueta, APEL, S.A.-ko Zuzendaria
  • Jesus Astigarraga, DANOBAT, S.COOP-eko presidentea
  • Julián Hernando, ZF LEMFORDER TVA-ko Zuzendari Orokorra eta ACICAE-ko presidentea
  • Iñigo Perez-Arregui, ENGINE POWER COMPONENTS GROUP EUROPE, S.A.-ko Zuzendari Orokorra
  • Eduardo Gonzalez, Mendaroko Ospitaleko Zuzendaria