Aldundiak bost eskualderekin (horien artean, Debabarrena) sustatuko du energia berriztagarrien erabilera gehitzea eta mendetasun eta pobrezia energetikoa murriztea
José Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak energia-planak sustatzeko lankidetza-hitzarmena sinatu du Debabarrena, Oarsoaldea, Tolosaldea, Urola Erdia eta Urola Garaia eskualdeekin —eskualde horietako garapen-agentzien bidez (Debegesa, Oarsoaldea, Tolosaldea Garatzen, Iraurgi Lantzen eta Uggasa)—. Eskualde horietan energia-planak sustatzeko lankidetza-hitzarmenari esker, eskualde horietako bakoitzak 50.000 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko du. Aurten, Urola Garaia gehitu zaio akordioari, Uggasa garapen agentziaren bidez. Edonola ere, Departamentuaren helburua da legegintzaldiaren amaierarako Gipuzkoako eskualde guztiek haien energia-plana edukitzea eta, hartara, lurraldearen energia-iraunkortasunerantz aurrera egitea.
Prentsaurrekoan izan dira: Olatz Peon, Tolosako alkatea eta Tolosaldea Garatzeneko Presidentea; Javier Zubizarreta, Azkoitiko alkatea eta Urola Erdiko Iraurgi Lantzeneko Presidentea; Fernando Nebreda, Oarsoaldeako Zuzendari-gerentea; Juan Angel Balbas, Debabarreneko Debegesa Elkarteko Zuzendari-Gerentea eta Koldobike Olabide, Legazpiko alkatea eta Uggasako Presidentea.
“Hurrengo urteetan espero dugu lurraldeko gainerako eskualdeak ere txertatzea Energia Jasangarriaren eta Pobrezia Energetikoaren Lurralde Mahaian oinarrituta egituratzen den lan-esparru partekatu honetan; izatez, horietako batzuk haien energia-planak garatzen ari dira jada” aditzera eman du José Ignacio Asensiok.
Ingurumen diputatuak adierazi du bere Departamentua tokiko eta eskualdeko erakundeekin batera lan egiten ari dela energiaren arloko estrategia bateratua sustatzeko, populazioaren eta herritarren ikuspuntutik. Helburua da mendetasun eta pobrezia energetikoa murriztea eta energia-eredu iraunkorrerako trantsizioari hasiera ematea. “Plan horiek, beraz, estrategikoak dira energia iraunkorraren eta pobrezia energetikoaren prebentziorako foru-estrategiaren garapenean” adierazi du.
“Energia-aurrezpenaren eta -efizientziaren arloan zein bitarteko berriztagarri bidez energia sortzearen arloan eraginkorrak izan nahi badugu, eta errendimenduak zuzen banatuko dituen energiaren negozio-eredu sozializatuetarantz jo nahi badugu, badakigu tokiko eta eskualdeko esparruetatik bertatik kudeatu beharko dela guztia, hau da, kontsumo-puntuetatik hurbil, autokontsumorako iturri berriztagarrien kokalekuetatik hurbil eta herritarren interesetatik hurbil” erantsi du Asensiok.
Elkarlan horri esker, eskualdeetako ekonomia-garatzeko agentzien bultzadari eta koordinazioari esker, eta udalen, landa-garapeneko agentzien eta zenbait elkarteren lankidetzari esker, une honetan Gipuzkoako bost eskualdek —guztira 48 udalerrik— prest dituzte jada energiaren alorreko haien ekintza-planak. Hartara, herritarren artean nagusi den energiaren gero eta prezio handiagoaren ondoriozko kezkari erantzun nahi diote, baita energia berriztagarriak garatzeko eta mendetasun energetikoa murrizteko interes handiari ere.
“Helburua da plan horietan oinarrituta herritarrok —erakunde publikoen laguntzarekin— hasiera ematea mendetasun eta pobrezia energetikoa ahalik eta gehien murrizteko elkarrekin egin behar dugun bide luzeari”, azaldu du Asensiok.
Planek mendetasun eta pobrezia energetikoa murrizteko ekintza-planen katalogo aberatsa jaso dute, eta herritarrekin lotura estua duten ekimenak bildu dituzte. Ekintza-plan horietan ingurumen-alderdia tokiko ekonomiaren dinamizazioarekin eta behar sozialekin uztartzen da, betiere eskualde horiek energiaren alorrean efiziente bihurtzeko.
Joan den urtean, hiru jardun-esparrutan, batik bat, oinarritu ziren garapen-agentziek egindako ekintzak:
- Sentsibilizazioa, prestakuntza eta komunikazioa herritarrentzat, oro har, eta beste kolektibo batzuentzat, zehazki (etxeak, enpresak eta saltokiak).
- Pobrezia energetikoa: diagnostikoa eta neurri zuzentzaile txikiak.
- Energia-efizientziaren sustapena sektore publikoan (udal-dependentzietan eta argiteria publikoan), lehen sektorean (nekazaritza-ustialekuetan), hirugarren sektorean (saltokietan eta turismo-establezimenduetan) eta industria txikietan.
Aldundiak diruz lagunduko ditu eskualdeetan energia berriztagarrien erabilera sustatzea eta energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzea helburu duten azterketak eta planak. Zehazki, diruz lagunduko ditu: eraikin publikoetan energia-efizientzia hobetzeko azterketak eta planak; energia berriztagarrietan oinarritutako energia-produkzioko instalazioak ezartzeko azterketak eta planak; energia berriztagarriekin elikatzen diren barrutiko bero-sareak eta elektrizitate sareak ezartzeko azterketak eta planak; eta eskualdeek garatu nahi dituzten pobrezia energetikoa murrizteko (zuzentzeko eta prebenitzeko) azterketak eta planak.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekarpena baliagarria izango da, halaber, ziurtatzeko eskualdeetako bakoitzean energiaren alorreko teknikari bat izango dela, eskualdeko Energia Plana sustatzea eta dinamizatzea bere gain hartuko duena.