Aldundiak eta Garapen Agentziek lurraldeko ekonomia sustatzeko hitzarmena sinatu dute lehen aldiz
Elkarlanerako dokumentua Markel Olano diputatu nagusiak eta Gipuzkoan dauden hamaika Garapen Agentzietako lehendakariek sinatu dute (Beterri-Buruntza Udalak, Bidasoa Bizirik-Bidasoa Activa, Debagoienako Mankomunitatea, Debegesa – Debabarreneko Agentzia, Donostia Sustapena, Goieki – Goierriko Agentzia, Iraurgi Berritzen – Urola Erdiko agentzia, Oarsoaldea, Tolosaldea Garatzen, Uggasa eta Urola Kostako Udal Elkartea) Foru Aldundiko kontseilu gelan izandako goi-mailako bileraren ondoren. Debegesaren aldetik, bileran izan dira Debegesako presidente eta Ermuko alkatea, Carlos Totorika, Soraluzeko alkatea, Iker Aldazabal, eta Debegesako zuzendari nagusia Juan Angel Balbas.
Elkarlaneko espazio hauen formalizazioak lurralde lehiakortasuna eta kohesioa hobetzeko Foru Aldundiaren eta garapen agentzien indarguneak sendotzen ditu. Hitzarmen honek lurralderako estrategikoak diren proiektuen garapena du helburu, lurraldeko eta enpresako eragile eta tresnak bateratuz. Olanok adierazi duenez, “elkarlan hitzarmen honek etorkizuneko egoera sozio-ekonomiko berriari erantzungo dieten proiektu estrategikoen garapena ekarriko du”. Horretarako, garapen endogenorako eta lurralde orekarako proiektu traktoreak eta bereizgarriak identifikatu eta babestu nahi da, eta ekintzak, eragileak eta tresnak bateratu.
Hitzarmen honek erakunde ezberdinen arteko elkarlana sustatzen du Gipuzkoa garatu eta kohesionatu bat izanik xedea. Lurralde kohesioak bost alderdi kontuan hartzen dituen garapen eredu bat eskatzen du: alderdi ekonomikoa, alderdi sozio-kulturala eta instituzionala, alderdi politiko-administratiboa, ingurumenari dagokiona, eta zeharkako ardatz bezala pertsonen garapen integralari dagokiona. Aldundiak ezinbestekotzat jotzen du tokiko garapenerako Eskualde Agentziek, foru erakundearekin bezala, gainerako garapen agentziekin ere etengabeko harreman zuzena izatea, elkarrekin, lurralde politiken diseinuan parte hartu dezaten. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere kapital soziala erabiliko du, eskualdeko eta lurralde politikak indartu daitezen.
Hitzarmen sinadura Gipuzkoako Foru Aldundiaren (Diputatu Nagusiaren Kabinetea eta Ekonomia Sustapeneko departamentua) eta Gipuzkoako hamaika Eskualdeetako Garapen Agentzien artekoa da. Garapen agentzia horiek dira, alfabetikoki: Beterri-Buruntza Udalak, Bidasoa Bizirik-Bidasoa Activa, Debagoienako Mankomunitatea, Debegesa (Deba Barrenako agentzia), Donostia Sustapena, Goieki (Goierriko Agentzia), Iraurgi Berritzen (Urola Erdiko agentzia), Oarsoaldea, Tolosaldea Garatzen, Uggasa eta Urola Kostako Udal Elkartea.
- Jatorrizko albistea gipuzkoa.eus atarian.