“Arbasoen Deia”, hitzordu bikoitza izango da datorren zubian
Debegesa Garapen Agentzia eta Debanatura Elkartearen ekimenez, “Arbasoen Deia” bisita programaren helburua eskualdeko herritarrei zein bisitariei Debabarreneko historia eta kultur ondarea ezagutzera ematea da, Debabarreneko eskualdearen iraganean eta tradizioetan sakonduz.
Urrian izango den lehen zubirako bi hitzordu antolatu dira. Urriaren 12an izango da lehena eta Dolmenen Ibilbidea egiteko aukera eskainiko da. Bisitariak artzain kulturaren aztarnak ezagutuko ditu ibilbide honetan barrena, Karakate-Irukurutzeta mendilerroan. Trikuharri eta tumulu multzo baliotsua ikusteaz gainera, bertako produktuak dastatzeko aukera eskainiko zaie parte-hartzaileei.
Irteera-ordua goizeko 10:00etan izango da, Karakateko aparkalekutik, eta ibilbideak 4 orduko iraupena izango du, gutxi gorabehera.
Bigarren hitzordua igandean izango da, urriak 14. Mendaroko tren geltokitik abiatuta, Kilimoi bailarara abiatuko dira bisitariak eta bertan ibilbide labur eta erraza egingo dute burdinola, karobi eta bide zaharren aztarnak jarraituz. Hain zuzen, historikoki eta etnografikoki Debabarrenean bailara honek duen garrantziaren adierazle dira elementu hauek. Bailara hau ezagutu ostean, Mendarotik Elgoibarrera trenez abiatuko dira, Makina Erremintaren Museoa ezagutzeko.
Ibilbidea oinez eta trenez egingo da, gida-interprete baten azalpenek lagunduta, eta Debabarreneko industria eta makina erremintaren kultura ezagutzera ematea du helburu txangoak. Goizeko 10:00etan abiatuko da taldea, Mendaroko tren geltokitik.
Ibilbideak oinez egingo dira, gida-interprete baten azalpenek lagunduta. Aipatzekoa da, bi ibilbideak haurrek egiteko modukoak direla. Gainera, jolas dibertigarri batean parte hartzeko aukera eskainiko zaie, irteera erakargarriagoa egiteko.
Erreserbak aldez aurretik egitea komeni da, 943 19 11 72 / 695 78 36 56 telefonoetara deituz edo debanatura@hotmail.com helbidera idatziz. Baita Deba eta Mutrikuko turismo bulegoetan. Informazio gehiago: www.debabarrenaturismo.com web orrian.