Arrantza aktibitatea bueltan da Mutrikun

2012-02-29 Iruzkinik ez

Bi urtez aritu dira lanean Balea proiektuan Mutrikuko udala (lehengo udalbatza eta egungoa), Debegesa garapen agentzia, Mutrikuko Kofradia eta hainbat erakunde, horien artean Eusko Jaurlaritza, eta dagoeneko lehen emaitzak ikus daitezke.

 

Berdelaren kanpaina bukatu berritan, arrantza-ontziek 400.000 kilo porturatu dute Mutrikun, gutxi gorabehera.

 

Mutrikuko lonjan berdel kiloa 1,15 euroren inguruan ibili da, Ondarroan baino gutxixeago, baina ontziek ongi jaso dute beste alor batzuetan irabazten dutenagatik (zerbitzuaren azkartasuna…). Gainera, bi erosle berrirekin hartu-emanak egin dira: Bagia Arrainak (Markina) eta Pescados Bormar (Porto do Son).

 

Harrapatutako kopurua ikusirik, ontziak zein erosleak pozik agertu dira eta antxoaren kanpainan jarraitzeko asmoa erakutsi dute, Portosín eta Ares-eko beste ontzi batzuekin batera.

 

Mutrikuko portuan 7 arrantza-ontzi aritu dira lanean:  Maruxia Segundo (Portosin), Novo Chono (Sada), Chono Segundo (Sada), Cruceiro de Pazos (Sada), Chono (Sada), Portosin Dos (Portosin), Elenita Berria (Mutriku). Gainera, Portosin Dos ontziak Mutrikuko Portuan erroldatzea eskatu du.

 

Halaber, aipatzekoa da kanpaina honetarako Mutrikuko 3 gazte kontratatu direla. Antxoaren kanpainan ere lanean jarraituko dute, eta kontratazio gehiago egingo dira.