Azaroak 10, Mijoa ibaia auzolanean garbitzeko deialdia eta Ibai Lagun jaia Mutrikun

2012-10-24 Iruzkinik ez

Ibai Lagun egitasmoaren baitan, eta herritarren artean ingurumenarekiko sentsibilizazioa landu nahian, Mijoa ibaia auzolanean garbitzeko ekimena antolatu da azaroaren 10erako.

Ibaiaren ingurumen-balioa zaindu eta mantentzeko sentsibilizazio-lana egitea du helburu ekimen honek, ibai eta errekak garbi mantendu behar ditugula ohartaraztea, alegia.

Debegesa Garapen Agentziak Mutrikuko Udalarekin eta herriko hainbat elkarterekin antolatu du auzolana, hala nola, Burumendi Mendi Taldea, Lapazorri elkartea, Txantxangorri elkartea, Guraso elkarteak, Mutriku Zine Forum eta Mutriku Zero Zabor, Uraren Euskal Agentziarekin batera (URA).  

Hitzordua azaroaren 10ean izango da, larunbata. Goizeko 9:30etan elkartuko dira boluntarioak udaletxean. Arropa erosoa eta zapata egokiak eramatea gomendatzen da. Garbiketarako beharrezko diren eskularruak, zabor-poltsak, guraizeak… antolatzaileek eramango dituzte. Halaber, parte hartzaile guztiei asegurua egingo zaie.

9:30etan, aurkezpena egin ostean, abiatuko dira parte-hartzaileak Pikupe auzorantz, oinez edo autobusez, norberak nahi duen moduan, eta 10:00etan hasiko dira ibaitik hondakinak ateratzen. Ordu eta erdiz garbitze-lanak egin ondoren, 12:00etan Txurruka plazan elkartuko dira berriz boluntarioak.

Txurruka plazan Ibai Lagun jaia egingo da 12:00etatik aurrera. Ibaitik ateratako zakar eta hondakinak plazan utziko dira gainerako herritarrek zenbat zabor jaso den ikus dezaten. Bestalde, birziklapen jolasak eta tailerrak egingo dira haurrei zuzenduta. 13:00etan “Océanos de plástico. Plastikoaren eragina itsasoan” dokumentala eskainiko da udaletxeko aterpean.

Egunari amaiera borobila emateko, bertako produktuekin prestatutako luntxa eskainiko zaie ekimenean parte hartu duten guztiei.

Honenbestez, deia luzatzen zaie herritarrei, haur, gazte zein helduei, Ibai Lagun ekimenean boluntario gisa parte har dezaten.

Horretarako, aurretiaz eman behar dute izena 943 82 01 10 telefonora deituz edo debaibaia@debegesa.com helbidera idatziz, azaroaren 5a baino lehen. Herriko hainbat puntutan ere izango dute herritarrek izena emateko aukera: udaletxean, ikastetxeetan, gaztetxean…