Balioen gaineko hausnarketa-foroak abiatu ditu Debegesak hezkuntza komunitateari zuzenduta

2011-11-25 Iruzkinik ez

DEBEGESA garapen agentziak, Debabarreneko eskualdean ekintzailetasuna,
errespetua, lankidetza-elkarlana eta integritatea bultzatzea xede duen Gure
Balioak proiektua gidatzen duen herritarren foroarekin batera, hezkuntza
komunitateari zuzendutako hausnarketa-foroak jarri ditu abian.

 

Gizarte-balioen transmisioaz hausnartzea dute helburu foro hauek,
konkretuki, hezkuntza komunitateak, komunikabideak barne, balio transmisore
gisa jokatzen duen eginkizunaz eta haur eta gazteengan duen eraginaz.

 

Eztabaida foro hauen bidez, kolektibo bakoitzak lau balioak
transmititzerako orduan aurkitzen dituen zailtasunak, ahuleziak eta beharrizanak
identifikatu nahi dira, konponbidea jarri ahal izateko. Era berean,
Debabarreneko hezkuntza komunitateko parte diren agente ezberdinen artean
lankidetza sare bat osatu nahi da.

 

Lehenengo fase batean, 8 bilera burutuko dira, kolektibo bakoitzeko
bat, hau da, ikastetxeetako irakasleak
eta zuzendaritzako kideak, ikasleak, eskola kontseiluetako Udaletako
ordezkariak, guraso eta eskualdeko gurasoen
elkarteetako ordezkariak, Debabarreneko Esperientzia Eskolako ikasleak, eskualdeko
kirol elkarteetako ordezkariak,
eskualdeko aisialdi taldeetako
ordezkariak eta eskualdeko komunikabideetako
ordezkariak. Bilera hauetako batzuk egin dira dagoeneko; besteak hurrengo
egunetan burutuko dira.

 

Ondoren, urtarrila erdialdean, kolektiboen arteko osoko bilera egingo
da proposamen guztien arteko bateratze-lana egin eta lehentasunak ezartzeko.

 

Azkenik, 2012ko lehenengo hiruhilabetekoan emango dira ezagutzera erreflexio-prozesu honetako ondorioak.