Balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketen sariak banatu dituzte Deba, Eibar, Elgoibar eta Ermuako Udalek
Debako, Eibarko, Elgoibarko eta Ermuako Udalek aste honetan banatu dituzte balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketen sariak. Lau Udalek antolatu dute egitasmoa, Debegesa Garapen Agentziaren lankidetzarekin.
Epaimahaiak uztailean zehar ikusi eta baloratu ditu balkoi eta leiho parte-hartzaileak lore apainketa ederrenak saritzeko. Guztira, 125 parte-hartzaile izan dira. Epaimahaiaren balorazio irizpideak honako hauek izan dira: konposizioaren originaltasuna eta sormena, apainketaren kalitatea, apainketaren harmonia eta diseinua, eta konplexutasuna.
Lehiaketak apirilean abiatu ziren eta, deialdiarekin batera, lore banaketak egin zituzten lau udalek, herritarrei loreak oparitzeko. Guztira, 1.150 lore banatu ziren.
- Deban, 150 pertsona gerturatu ziren lore banaketara eta 21 lagunek parte hartu dute lehiaketan.
- Eibarren, 300 pertsona gerturatu ziren lore banaketara eta 38 lagunek parte hartu dute lehiaketan.
- Elgoibarren, 200 pertsona gerturatu ziren lore banaketara eta 23 lagunek parte hartu dute lehiaketan.
- Ermuan, 500 pertsona gerturatu ziren lore banaketara eta 43 lagunek parte hartu dute lehiaketan.
Sariei dagokienean, herri bakoitzean 150 euroko bina sari banatu dira. Gainera, eskualde mailako beste sari bat eman da, 200 eurokoa, irabazleak bere herriko saltokietan erabil dezan. Eskualde mailako saria Itziarreko (Deba) bizilagun batek irabazi du.
Lehiaketaren helburua izan da, herritarren parte-hartzearen bidez, lau herrien ingurumen kalitatea eta irudia hobetzea, eta landareei eta loreei garrantzia emanez, herrigune atseginagoa eta ederragoa lortzea, eta bide batez, herritarren artean, landareak zaintzeko ohitura zabaltzea.