Banka etikoaren gaineko hitzaldia, datorren asteartean, irailak 27, Eibarren

2011-09-23 Iruzkinik ez

Triodos Bank finantza-entitate bat da, ekonomikoki
errentagarriak izateaz gainera pertsonen bizi kalitatea zein ingurumena
errespetatzen duten proiektuetan soilik inbertitzen duena.

 

Joan Antoni Melék 30 urte baino gehiago darama banketxeen
sektorean lanean eta  “Dinero y Conciencia. A quién sirve mi dinero
liburuaren egilea da. Bertan honako gaiak lantzen ditu: aurrezkia, krisi
sozial, ekologiko eta ekonomikoa, arrasto ekologikoa, pobrezia, banka etikoa… Irakurleei
balioetan oinarritutako ekonomia sustatu eta diruaren erabilera arduratsuaz
kontzientzia piztu nahi die Melék liburuan. 

 

Datorren asteartean, irailak 27, Eibarren eskainiko duen
hitzaldian Joan Antoni Melé gizartearen aldetik kontzientzia hartu beharraz eta
ekonomia berri bat ezartzeko oinarriez arituko da.  

 

GURE
BALIOAK, Debabarreneko gizarte balioak sustatuz

Banka etikoaren gaineko hitzaldi hau GURE BALIOAK izeneko
proiektuaren aurkezpen ekitaldiaren baitan antolatu da. Debegesa garapen
agentziak bultzatuta eta Debabarreneko hainbat herritarrek osatutako Foroa buru
duela, GURE BALIOAK proiektuak
Debabarreneko eskualdean gizarte-balioak sustatzea eta eskualde jasangarri eta
lehiakor bat lortzeko bidean balioen garrantziaz ohartaraztea du helburu.

 

Meléren hitzaldiaren aurretik egingo da
proiektu honen aurkezpena jendaurrean.  Ekimenaren
lidergoa herritarrek osatutako talde batek hartu du. Talde honetan adin eta
lanbide ezberdinetako pertsonak daude. Oraingoz 10 laguneko taldea osatu da baina
pixkanaka taldea zabaltzeko asmoa agertu dute. Taldeak bere burua aurkeztuko du
datorren astearteko ekitaldian.

 

Proiektuaren arduradunek, ekimenaren berri
emango dute eta herritarrei bertan modu aktiboan parte hartzeko gonbit egingo
diete. Hala, herritarren parte hartzea sustatzeko eta ahalbidetzeko hainbat
bide ireki dira Interneten. www.gurebalioak.com
web guneaz gainera, Facebook eta Twitter (@gure_balioak) sare sozialak
erabiliko dira.

 

Astearteko ekitaldia zuzenean jarraitzeko
Twitterren bi hashtag sortuko dira: #debabarrena eta #gurebalioak.