“Berrikuntza soziala eta tokiko garapena Debabarrenean” jardunaldia, ostiralean DEBEGESAn
Debegesa garapen agentziak, Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, “Debabarrena Berritzen, Debabarrenean Berrikuntza Soziala eraginez” ekimena garatu du.
Debabarreneko berrikuntza sozialean eragitea izan du helburu proiektuak, eskualdeak dituen erronkei, elkarlanean, erantzun egokiagoak eman ahal izateko, eta bi lan-ildo jorratu dira. Batetik, eskualdeko 6 egitasmo ebaluatu dira berrikuntza sozialaren ikuspegitik eta Elhuyarrek garatutako tresna batean oinarrituta. Bestetik, eskualdeko hainbat eragile elkartzeko topagunea sortu da eta hainbat hausnarketa egin dira.
Orain, prozesuari amaiera emateko eta emaitzak sozializatzeko, jardunaldia egingo da tokiko garapenean berrikuntza sozialak duen garrantziaz gogoeta egiteko eta esperientziak elkar trukatzeko. Bertan Orkestra – Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzaile Miren Estensorok hitzaldia eskainiko du “Berrikuntza soziala eta tokiko garapena: harremantze-eredu berriak eraikitzen” izenburupean.
Horrez gainera, berrikuntza sozialeko bi esperientzia arrakastatsu ezagutzeko aukera izango da:
- “Elkarrekin eraikitzen”: ikasleek enpresa mundua ezagutzeko programa Urola Erdian. Iosu Sorazu (Iraurgi Berritzen).
- Laboral Kutxa: Berdintasuna enpresetan. Nuria Agirre (Laboral Kutxako GGBBen arduraduna)
Jardunaldia 9:00etatik 12:00etara egingo da, Debegesaren egoitzan, Eibarren.
Parte hartzeko interesa dutenek izena eman behar dute aurrez, 943 82 01 10 telefonora deituz edo komunikazioa@debegesa.eus helbidera idatziz.