Birziklatutako latekin egindako muralak ikusgai jarriko dira ekainaren 5ean Untzagan, Ingurumenaren Eguna dela eta
Diseinu pertsonalizatuak egin dituzte Eibarren jarri diren edukiontzietatik jasotako latekin. Egun horretan hainbat jarduera egingo dira, besteak beste, zumba-saioak, pintxoak eta musika; postu bat ere jarriko da energia-efizientziari eta energia berriztagarrien instalazioari buruzko kontsultetarako.
Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela eta, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuak eta Debegesak, Eibarko Udalarekin lankidetzan, Latia emon! izeneko ekimena antolatu dute. Ekimen honen bidez, parte hartzen duten erakundeek birziklatutako latekin sortutako muralak erakutsiko dituzte Untzaga plazan ekainaren 5ean.
Beren hormirudi propioa egin eta Untzagan erakutsiko duten hamabost entitateak hauexek dira: San Andres Egoitza, Egogain Egoitza, Otezuri Egoitza, Amaña Herri Ikastetxea, Arrateko Andra Mari HLHI ikastetxea, Urkizu HLHI ikastetxea, Eibar BHI Jardiñeta, Eibar BHI Isasi, Kalexka, Maria Fundazioa, Zabaltzen Sartu eta Aubixa.
Garrantzitsua da azpimarratzea Latia emon! sormena, ekonomia zirkularra eta inklusio soziala biltzen dituen ekimena dela. Haren motorra Azitaingo Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuko ikasleak dira, eurak izan direlako jardueraren eragileak. Ekintza hau jarduera komunitario eta parte-hartzaile bat da, eta bazterketa sozialean dauden kolektiboak ahalduntzea eta jasangarritasunaren inguruan kontzientzia hartzea du xede. Horregatik antolatu da jaialdi bat ekainaren 5erako.
Erakusketaz gain, institutuko ikasleek zumba-saioak gidatuko dituzte; sukaldaritzako ikasleek postu bat jarriko dute eurek egindako pintxoak saltzeko; eta, baita energia-efizientziari eta energia berriztagarrien instalazioari buruzko kontsultak egiteko postu bat. Hamabost horma-irudiak plazan egongo dira goizeko hamarretatik arratsaldeko zortziak arte, eta gero Untzagako jubilatu-etxera eraman, eta han egongo dira ikusgai ekainaren 16ra arte. Azkenik, entitate bakoitzak bere zentrora eramango du.
Ekimenak sormena, ekonomia zirkularra eta inklusio soziala biltzen ditu
Ekimen hau garatzeko, apirilean Azitaingo Insitutuko ikasleek egindako 20 edukiontzi jarri ziren Eibarko gune estrategiko batzuetan, ahalik eta lata gehien jasotzeko.
Ikasleak izan dira, halaber, latak jartzeko muralen markoak egin dituztenak.
Gainera, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Institutuko ikasleak parte hartzen duten entitateetara joan dira murala nola egin behar den azaltzera: latak nola garbitu, datak, logistika eta abar. Beraz, gizarte-ehunaren hainbat eragile inplikatzea lortu da, denak batera lan egiteko: enpresa handiak eta ETEak, herritarrak, hirugarren sektoreko entitateak, ikastetxeak eta erakundeak.
Ekimen hau Kutxa Fundazioaren eta Arantzazulaben Hitzetatik Ekintzetara programaren barruan kokatzen da eta haren helburua da 2030 Agenda herritarrei hurbiltzea, Garapen Jasangarriko 17 Helburuak ezagutaraztea eta herritarrak inplikatzeko modu berriak sustatzea. Klik! hirugarren sektore ekosozialeko hainbat eragilerekin lankidetzan diseinatutako programa bat da, baliabideak eta kudeaketa-laguntza eskaintzen dituena jarduerak aurrera eramateko. Hitzetatik Ekintzetara programak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza du, Next Generation EU Europar Batasunaren finantzaketaren bidez. Gainera, Gizarte Trantsizioaren eta 2030 Agendaren Idazkaritzaren laguntza du.
Pixelata, oinarrian margotutako laten horma-irudia, Photoalquimiaren sorkuntza bat da “Cada Lata Cuenta” proiektuarentzat.