Deba ibaia garbitu dute hainbat herritarrek

2014-07-01 Iruzkinik ez

Beste urte batez, Debegesak, Debako Udalak eta herriko hainbat elkartek elkarlanean antolatuta, ibaia garbitzeko ekimena egin da Deban, Ibai Lagun ekimenaren baitan.

Hitzordua larunbatean izan zen, goizeko 11:00etan, Debako Anes Arrinda pasealekuan. Goizeko txandan 25 bat lagun elkartu ziren, gurasoak eta neska-mutikoak asko, eta antolatzaileen azalpenak aditu ostean, ibai bazterrak garbitzeari ekin zioten, Casa Campoko hezegunean. Arratsaldean, berriz, piraguak hartuta, buru belarri jardun zuten Deba Kayak Piraguismo elkarteko kideek, ibaia barrutik garbitzen. Denera 35 bat lagun aritu ziren, goiz eta arratsalde, ibaiko plastiko eta bestelako hondakinak kentzen. Gehienak Debakoak, baina baziren tartean Eibartik eta Ermutik hurbildutakoak ere.                                                                   

Aurreko urteekin alderatuta, hondakin gutxiago bildu da aurten eta antolatzaile zein boluntarioak pozik agertu dira. Deba ibaia inoiz baino garbiago dago. Aurreko urteetan egindako garbitze lanek izan dute eragina eta herritarren kontzientziazioa gehituz doala esan genezake.

Ibai bazterrean jasotako hondakinen artean, paseatzen dabilen jendeak lurrera botatzen dituen bilgarri, plastikoak eta latak batu ziren gehienbat.

Ekimen honek Debegesaren bi proiektu uztartzen ditu, Ibai Lagun eta Gure Balioak egitasmoak, eta helburu bakarra dute, herritarrak sentsibilizatzea eta ingurumena zaindu eta errespetatzearen garrantziaz ohartaraztea.

Debegesak eskerrak eman nahi dizkie parte-hartzaile guztiei.

Argazkiak ikusteko klikatu hemen.