Deba ibaiaren inguruan Elgoibarko adindunei elkarrizketa. “Ez da amaren semerik ibaian bainua hartu ez duenik”

2007-07-27 Iruzkinik ez

“Ez da amaren semerik ibaian bainu hartu ez duenik”

 

 

Bostekoa eman eta presentazioak ezeren aurretik. Juanito Gorostiza, Sebastian Odriozola eta Joxe Irureta jaunak, zein baino zein, euren laurogeietan tinko. “Beno, presentazioak egin behar badira ahor nirekin edonora datozen beste bi lagun”, dio Juanitok makuluei begira. Elgoibarko Adindunen etxean elkartu ditugu hirurak, eguerdi bueltan; Deba ibaiaren inguruan memoria egitea gure aitzakia. Egun galduta baitago ibaia; ez alabaina oroitzapenak, ibaia herritarrei estuki lotua zegoenekoak. Ibaia berreskuratu behar bada, lehenik oroipenak errekuperatu behar baitira.

 

Entzun dugu Deba ibaiko ura edaten zenekoa.

 

Ez, ez; guk ez dugu halakorik ezagutu. Mendian bai; han goiko ura edaten genuen, baina ibaikorik ez.

 

Gezurretan hasi gara orduan. Halere, bainatzen zineten ezta?

 

Hori bai. Ez da amaren semerik ibaian bainua hartu ez duenik. Gu goiko partean ibiltzen ginen, plazatik gora; Maala aldekoak, berriz, Aldeibarra aldera joaten ziren, Altzola partera. Jende ugari ibiltzen, egia esan, herrian orain baino jende gutxiago bizi bazen ere.

 

Igerian ere ibaian ikasitakoak izango zarete zuek ezta?

 

Non bestela? Ibaia zabala zen Elgoibar alde honetan eta leku aproposak zeuden igerian egiteko. Eibartarrek ez zuten halako lekurik eta okasio galantak izaten genituen igeri-kontuetan.

 

Eta arraunean?

 

Ez asko. Halere, Untzagako Luistarren Kongregazioak antolatutako txanel-jokoak izaten ziren; orain 30-40 inguruko kontuak dira horiek.

 

 

Orain aldean garbiago zegoen ibaia, beraz.

 

Dudarik gabe. Presak zirela-medio, ur gehiago izaten zen zati honetan eta komunetako hustubideak soilik isurtzen ziren ibaira. Gainera, ezkailu mordoa biltzen zen hustubideetatik zetorrena jatera.

 

Ezkailuak aipatu dituzue, baina arrain-mota gehiago ere izango zen ezta?

 

Makina bat bai: Ezkailua, eskaldarrua, loina, loinaztia, barboa, kangrejoa, amuarraina, igelak (elgoibartarrez ugarixuak) eta gehiago ere bai. Zaharrenek diote, gainera, izkirak ere iristen zirela itsasoan barna: guk ez genuen hori ezagutu.

 

Halere, fabriketako zikinak hil du ibaiko bizitza. Oraindik ere urtero izaten dira isurketak.

 

Angularik?

 

Ez, behintzat, gure garaian. Halere, Sasiola inguruan harrapatzen omen zuten lehenago.

 

Aspaldian dago ibaia zikin; baina zikinen noiz egon da?

 

Orain 7 bat urte, obrak egin zirenean oso zikina egon zen. Uholdeek harrapatutako zikin guztiak ekartzen zituen ibaiak. Obren ostean zabalago dago eta lasaiago gaude orain. Herriak arnas hartu du zabaltzearekin.

 

Obrak hasi aurretik, jende andana ibiltzen zen eskirolekin nahiz kanaberekin ur-ertzean loinak harrapatzen. Ikuskizuna izaten zen hura: jendea arrantzan eta herritar mordoa begira. Presak askatzen zituztenean zati hartako barbo guztiak etortzen ziren, tonaka, eta ikuskizun ederra izaten zen.

 

 

Balentin karteroak salabardoa botatzen zuen eta arrain gehiegi harrapatzen zuenez eskuz ezin jasota ibiltzen zen.

 

 (…)

 

 

Eibarren herri azpitik pasatzen da ibaia. Eta han arrainik harrapatu ezin zutenez Elgoibartik saltzen zen asko hara. Han, gainera, dirua zutenez asko erosten zuten.

 

Arropa ere garbitzen omen zuten ibaian.

 

Halaxe ibiltzen ziren gure amak. Garbitegi ofizialak zeuden gainera, euren harriekin-eta…

 

Han joaten ziren gure amak ibaira, goizeko 6etan, buruan barreinoia eta esku banatan poltsa banarekin, uda ala negu. Negu gorrian eskuak ur haietan sartzea ez zen makala. Orduko familiak handiak ziren eta arropa asko behar zuten. Halere, orain 50-60 urte bukatu zen hori guztia, herrira garbigailuak etorri zirenean.

 

Lan egiteko lekuak bai, baina egun-pasan joateko txokorik ba al zen ibaiaren bueltan?

 

Goiko Errotan presa zegoen eta erreka zabal-zabala zen garai hartan. Gutxi izango dira herrian hara heldu gabeak.

 

Gero bazeuden beste toki batzuk ere: Azkue, Kakatza (bolatokia zen hemen) eta Usetxera ere jende asko joaten zen egun-pasan. Arrantza ere egiten zuen jendeak, arrainez beteta baitzeuden toki horiek guztiak.

 

Ohitura horiek galdu egin dira ibaia zikintzen joan ahala. Baina, noiz hasi zen benetan zikintzen?

 

Orain 40-50 urte inguru, gutxi gorabehera. Baina ez dago zehatz-mehatz jakiterik; gaur egun ere edozein egunetan hartzen du ibaiak kolore arrarorik. Fabrikek isurtzen dute zikina.

 

Arrainak tripaz gora askotan agertu izan dira, bestalde. Aingirak omen dira arrain gogorrenak baina horietako makina bat agertzen dira hilda.

 

Diote bizpahiru urtean errekuperatuko dela ibaia, eta arrainak izango direla berriz. Ura araztea nahikoa da horretarako. Halere, isurketak kontrolatu beharra dago, bestela alperrik gabiltza.

 

Fabrikek zikindu dute, hortaz, ibaia.

 

Bai, bai; fabriken lana izan da hori. Lehen esan dugu etxeetako hustubideak betidanik izan direla eta eskailuak handik jaten zutela. Korrokoiak ere gerturatzen ziren Elgoibarraino.

 

 

Ez da haur-jolasik entzuten ibaian, gaur egun.

 

Ezin ukatu halakorik. Ibaia zikina dago orain eta pentsaezina da haurrak bertan jolastea ere. Egun, kiroldegi atzeko igerilekuetara pasa dira haurren plisti-plastak. Gaurko haurrek igerilekuetan ikasi dute igerian.

 

 

 

 

Kontu horiek honaino, eta mila gehiago airean. Hamaiketako produktiboagorik gutxi. Adindunen Etxe ondotik isil-isilik darraio ibaiaren ur-jarioak. Baina ez: gaur geldialditxoa egin du lagun zahar hauekin, hamaiketakoaren aitzakian.

 

ZERTZELADAK

 

·  Ibaia ikuskizun

 

Jendea kanaberekin arrantza egin zale zen, eta herritar asko biltzen zen haiei begira. Arrainak ere asko ziren eta ikuskizuna zen haiek ikustea.

 

·  Garaiko “urpekariak”

 

Zubi azpian ur-sakonak ziren orduan. Eta presak askatzean arraina erruz izaten zen. Hala, jendea murgilean sartzen zen uretara eta ahoan pieza bat eta esku bietan beste banarekin azaleratzen ziren. Ikustekoa zen hura.

 

·  Ur-txakurra

 

Ibaian bizi ziren txakurrak ziren, basatiak. Ez ziren asko garai hartan baina bat edo beste ikusiak gara.

 

·  Uholdeak

 

Sarri izaten ziren garai hartan. Halere, okerrena 1983koa. Inguru honetan 7 kristau hil ziren. Horietako batzuk gazteak ziren, euren kotxe berriak salbatu nahian itotakoak. Tragedia galanta ordukoa.