Debababarrena protagonista da azaroan Donostiako Explore San Sebastian Region turismo-bulegoan

2017-11-15 Iruzkinik ez

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Turismo Sailak Eskualdeen Txokoa egitasmoa du martxan Donostiako Boulebarrean duen Explore San Sebastian Region turismo-bulegoan. Helburua da Gipuzkoako eskualdeetako herri eta baliabide turistikoak ezagutzera ematea, bai hiriburuko turismo sektoreari, bai donostiarrei eta oro har gipuzkoarrei zein turismo-bulegora gerturatzen diren bisitariei ere. Azaroa Debabarrena eskualdearen hilabetea izango da.

Aurkezpen ofiziala joan den azaroaren 8an egin zen, #BiziDebabarrena lelopean. Prentsaurrekoa egin zen goizez, eta sektore turistikoari zuzendutako ekitaldia arratsaldez, eskualdearen turismo-eskaintza ezagutzera emateko helburuarekin. Eskualdeko zortzi udalen izenean, Iker Aldazabal Soraluzeko alkateak Debabarrenak bisitariari “makina bat alternatiba eskaintzen dizkiola” azpimarratu zuen, Debabarreneko herri bakoitzaren eskaintza ezagutzera emanez eta Euskal Kostaldeko Geoparkea nabarmenduz. Bestalde, Aitziber Cortazar Debegesako Turismo eta Garapen Jasangarria saileko arduradunak gogoratu zuen “urte osoan zehar familian bisitatzeko jomuga interesgarri bihurtzen duten jarduerak eta esperientziak sustatzeko lanean” segitzen dutela Debabarrenean.

Bertaratutakoen arreta piztu zuten, bereziki, Eibarko Armagintzaren Museotik Donostiara eramandako bizikletak eta josteko makinak. Explore San Sebastian Region turismo-bulegoan geratuko dira bi elementuak datozen asteetan, dekorazio gisa. Horren harira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendariak, Maite Cruzadok, Debabarreneko “ondare industrial aberatsa” nabarmendu zuen eta adierazi zuen “eskualdearen identitatearen parte dela, ezbairik gabe”.

Larunbatean, jarduerak, tailerrak eta zozketak Donostiako Boulebarrean

Datorren larunbatean, hilak 18, Boulevarreko plazan hainbat jarduera egingo dira herritarrek eta bisitariek parte har dezaten. Arratsaldeko 16:30etik 18:30era, Boulevarrera gerturatzen direnek, bereziki etxeko txikienek, taloa Lasturko erara egiten ikasiko dute Lasturko Aterpetxeko Maitane Beristainek eskainiko duen tailerrean. Debako Lastur bailaran taloa nola egiten den ikasteaz batera, dastatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek.

Bestalde, S.D. Eibar futbol taldearen autobusa Boulevarreraino sartuko da eta nahi duten guztiek barrutik ezagutzeko eta argazkiak ateratzeko aukera izango dute. Halaber, Eibarko Ipurua futbol zelaira bisita gidatua egiteko sarrerak zozkatuko dira.

Photocall-a ere izango da. Euskal Kostaldeko Geoparkeko flyscharen irudi ikusgarri bat jarriko da Boulebarreko kioskoaren parean, jendeak bertan argazkiak atera eta etxera eraman ahal izateko, oroigarri modura.

Debabarreneko ondare industriala ere present egongo da Donostian larunbatean. Hala, Eibarko Armagintza Museotik eramandako bizikleta bat eta josteko makina bat ikusgai jarriko dira bertan.

Jarduera hauez gainera, stand bat jarriko da eskualdeko informazio turistikoa banatu eta bertaratzen direnen galderak erantzuteko. Halaber, Mendaroko Txokolateekin osatutako otar bat eta Debabarrenean abian den “Tripontziak” ekimen gastronomikoan parte hartzeko menuak zozkatuko dira.

Bideoa (ORAIN GIPUZKOA):