Debabarrena Berritzen enplegu-programaren inguruko jarraipen bilera egin da gaur Soraluzen
Lehenengo edizioaren balorazio ona ikusirik, hurrengo edizioa bide beretik egitea aurreikusten da.
“Debabarrena Berritzen” enplegu-programaren lehenengo edizioa amaitzear da eta hura ebaluatu eta hurrengo urratsak zeintzuk izango diren zehazteko jarraipen bilera egin dute gaur Soraluzen. Bilera horretan proiektuaren ordezkariak egon dira, hala nola Debegesako langileak, Gizarteratze Sarekoak, eta Soraluzeko eta Elgoibarko Udaletako teknikari eta politikariak.
Zehazki, jorratu dituzten puntuak honako hauek izan dira: 1. edizioaren amaiera (martxoan), 2. ediziorako kontratazio-fasea, eta Soraluzen langabezian dauden pertsonak prestatzeko asmoarekin, Olasogain (Sigma bezala ezagutua den Elgoibarko auzoa) eta Olaldea auzoetako espazio berriak homologatzeko lanen aurrerapena.
Parte-hartzaile guztiak pozik agertu dira programak izan dituen bilakaera eta emaitzekin. Elgoibarko Udaleko alkatea den Maialen Gurrutxagaren arabera “proiektu honek prestakuntza eta lan-mundua integrazio-metodo gisa hurbiltzeko erronkari erantzuten dio eta Udalak integrazio prozesu hauek bultzatzeko konpromisoa du, herritar guztiek aurrera egitea ahalbidetuko duen ingurune bat sortuz. Gure helburua da Elgoibar eta Debabarrena solidario, inklusibo eta batu bat lortzea, herritar guztientzako aukera-berdintasuna bermatuko duena eta horretarako beharrezko pausoa da espazioak biziberritzea eta birgaitzea, Sigmako ikastetxe zaharra kasu, gizarteratze-prozesuak sustatzeko”.
Era berean, Unai Larreategi Soraluzeko alkatearen balorazioa ere oso positiboa izan da, eta lehenengo edizioaren bilakaera ona ikusirik, gisa honetako programak lantzen jarraituko dutela azpimarratu du, “Debabarreneko biztanle guztiek euren bizi-proiektua egiteko aukerak izan ditzaten”. Halaber, Debabarrena Berritzen enplegu-progama izatez gain, egoera zaurgarrian dauden gazteak gizarteratzeko duen izaera ere nabarmendu nahi izan du: “Egungo lan-merkatuko zailtasunez jakitun, beharrezkoak dira horrelako proiektuak desabantailak dituzten gazteei ahalik baliabide gehien emateko”. Hori esanda, programan parte hartzen duten pertsonek bide beretik joko dute abian den bigarren ediziorako.
“Debabarrena Berritzen” programaren helburua da Elgoibarko, Soraluzeko eta Debabarrena eskualdeko bi gazte-talderi enplegu-aukerak ematea, eraikinen eta etxebizitzen eraikuntzaren eta birgaitzearen esparruan. Programak prestakuntza, kontratazioa, lan-orientazioa eta gizarte- eta hezkuntza-laguntza faseak ditu. Aldez aurretik prestakuntza jaso ondoren, parte-hartzaileak Udalek utzitako lokalak eraberritzen ari dira, zehazki, Olaldean eta Olasogainen dauden lokalak. Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du programa, eta bi udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere laguntzen dute diruz. Informazio guztia Debegesaren web-orrian dago eskuragarri hemen.