Debabarrena Ekinean sareko kide diren enpresen arteko topaketa

2012-02-22 Iruzkinik ez

Debegesaren helburuetako bat da eskualdean ekintzailetza sustatzea eta enpresen sorrera eta finkatzea babestea, aberastasun-iturri eta lanpostu eragile direla ulertuta.

 

Honela, azken urteetan sortu diren enpresen sendotzea bultzatu asmoz, Debegesak, ekintzaileei laguntzeko zerbitzuaren bitartez, lankidetza-topaketa bat antolatu du datorren martxoaren 2rako, Debabarrena Ekinean sareko kide diren enpresa guztiei zuzenduta. 

 

 

Topaketaren baitan, “Lankidetzaren garrantzia. Arrakasta kasuak” izenburupean hitzaldia eskainiko du Esther Velascok, Gesgune enpresako kideak. Esan, Velasco Ermuko Udalak banatzen dituen Juan Torres Sarien irabazlea izan zela iaz, enpresa-proiektuen modalitatean. Halaber, topaketan lan-mahaiak osatuko dira lankidetza-proiektu ideia berriak sustatzeko.

 

Ekimena datorren martxoaren 2an egingo da, 15:00etatik aurrera, Debegesan. Parte hartu nahi dutenek ekintzaile@debegesa.com helbidera idatz dezakete edo Facebook-en bidez eman dezakete izena: www.facebook.com/debabarrena.emprende.

 

Ekin Picnic ekimenaren jarraipena

Honako topaketa hau Ekin Picnic ekimenaren jarraipena izango da. Ekin Picnic 2010ean egin zen Debabarrena Ekinean ekimenaren baitan, Kinaka Design diseinu enpresak bultzatuta.

 

Esan beharra dago, azken 10 urteetan, 353 enpresa sortu direla eskualdean Debegesaren laguntzarekin. Halaber, azken 5 urteetan, Debabarrena Ekinean ekimenaren barruan sortu diren enpresen biziraupen-tasa %82koa da.