Debabarrena eskualdea berroneratzeko ponentzian hartu du parte Eusko Legebiltzarrean Debegesak
Eusko Legebiltzarrean aurkezten ari diren Debabarrena eskualdea suspertzeko ponentziaren baitan, atzo goizean, Debegesaren txanda izan zen. Juan Ángel Balbás zuzendari nagusiak 9:30ean hartu du hitza eta eskualdearen egoeraren berri emateaz bat, Debabarreneko egoerari buelta emateko agentziak beharrezkotzat jotzen dituen neurriak mahai-gaineratu ditu. “Neurri horiek eskualdeko 8 udalek eta Garapen Agentziako zuzendaritzak osatzen dugun Debegesako Administrazio Kontseiluan landu dira eta horietako batzuk dagoeneko aipatu dira orain arte beste administrazio batzuetan egindako agerraldietan” zehaztu du Balbasek.
Ponentzia honen helburua da Debabarrena eskualdea eta berau osatzen duten udalerriak ekonomikoki suspertzeko beharra azaltzea eta hori bideratzeko baliabideak zein jarduera espezifikoak eskuratzeko Eusko Jaurlaritzako finantzazio sistemetan.
Bere hitzaldian, Balbásek lurralde-orekako prozesuak abian jartzeko beharra nabarmendu du, Debabarrena eskualdea non dagoen kontuan hartuta (Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuen tartean); izan ere, “eskualdean arazoak ditugu biztanleria-galerarekin, zahartze-indize handiagoa, langabezia-tasa Gipuzkoako batez bestekoaren eta EAE baino handiagoa, DSBE jasotzen duten pertsonen ehuneko handia, benetako pobrezia-tasa handia eta duela zenbait urtetik jasaten ari garen industria-pisuaren galera”.
Balbásek garrantzi handia eman dio hiri-birsorkuntzari eta antzinako industria-erabilerako eraikinen birgaitzeari, enplegu inklusiboa sortuko duten programei, sormen- eta kultura-industriak garatzeari, azpiegitura industrialen (zehazki, lurzorua eta banda zabala) hedatzeari, eta industria suspertzeko jarduerei, lurralde erakargarri eta lehiakorra lortzeko. Horrez gain, foru-aldundiek Debabarrena administrazioaren beraren inbertsio estrategikoen kokapen-eremu gisa izan dezaten eskatu du. Aipaturiko eskaerak “elkarlaneko gobernantza-eredu baten bidez” egin behar direla gehitu du.
Era berean, agerraldian izan dira, halaber, Javier Zubia eta Jose Angel Corres Abásolo, Gipuzkoako Bazkundea eta Bilboko Merkataritza Ganberaren izenean, hurrenez hurren.