Debabarrenak bere eskaintza turistikoa sustatuko du FITURen
Industria sektoreak urteko lehen hitzordu garrantzitsua du FITUR-en eta, urtero legez, Debabarrenako eskualdeak bere tokia izango du datorren urtarrilaren 18tik 22ra Madrilen burutuko den turismo azokan.
Eskualdeko ordezkaritza bat, turismo teknikari, politikari zein Debegesako kideek osatua, azokara bertara hurbilduko dira gainerako erakundeekin harremanak sendotu eta sektoreko profesionalen artean kontaktuak gehitzeko, hori guztia eskualdeko turismo-jarduera dinamizatu eta sustatu asmoz.
Cristina Iturriagagoitia, Debegesako Turismo Saileko arduraduna:
“FITUR urte hasierako hitzordu garrantzitsua da, joerak nondik nora doazen ikusteko, berrikuntzak aurkezteko, lehiakideekin alderatuz daukagun posizioaz jabetzeko eta urte osorako estrategia finkatzeko balio du”
Euskadiko stand turistikoan kokaturik, Debabarrenako eskualdeak turismo eskaintza zabala erakutsiko du Madrilen: produktu turistiko ezberdinak, ostatuak, museoak eta zerbitzuak oro har.
FITUR hirugarren turismo azokarik garrantzitsuena da mundu mailan eta sektoreko profesionalentzat saihestu ezin den hitzordua bilakatu da. Iazko edizioan, 2011an, 166 herrialdeetako 10.000 erakusmahai baino gehiago batu ziren eta 90.000 bisitari inguru jaso zituen.