Debabarrenak esperientzia turistiko berria eskainiko du Lasturren
“Artzai Txikiak” esperientzia berriak euskal
baserriaren mundura murgilduko ditu bisitariak, eta familia osoak izango du
gozatzeko aukera antzinako baserriko bizimoduan lantzen ziren ofizioak gogora
ekarriz. Zalantzarik gabe, etxeko txikienak izango dira jarduera honekin gehien
gozatuko dutenak, beti ere helduek lagunduta.
Esperientzia
Lasturren burutuko da, Deban. Han, txikienak, txapela buruan eta makila eskuan,
artzai bihurtuko dira une batez. Latxa arrazako artaldea ezagutu eta benetako
Idiazabal gazta nola egiten den ikasiko dute. Ondoren, artisau bilakatu eta
ardien artilearekin tapiz bat egingo dute ehun-tailerrean.
Baina, egindako
lanak emango du bere fruitua, noski. Lasturko errota zaharrean artoa ehotu
ostean, familia osoak talo tailer batean hartuko du parte eta baita dastatu
ere.
“Artzai
Txikiak” esperientzia datorren otsailaren 25ean jarriko da abian. Urrira
bitarte, hilero bi jarduera egingo dira. Egutegi zehatza www.debabarrenaturismo.com
webgunean ikus daiteke.
Euskadira
bertako tradizio eta usadioak ezagutzera datozen turistentzat ezezik,
eskualdeko zein inguruetako herritarrentzat ere esperientzia bikaina da,
asteburuko irteera ezberdin bat bilatzen duten familientzat.
Esan,
gainera, esperientzia hau Eusko Jaurlaritzak aukeratu duela bere Marketing
Turistikoaren Planaren baitan sustatu eta merkaturatzeko.
Informazio
gehiago jasotzeko eta erreserbak egiteko, Debako Turismo Bulegora deitu
dezakete herritarrek, 943 19 24 52
zenbakira, edota email bat bidali turismoa@deba.net
helbidera. Informazio osoa www.debabarrenaturismo.com
webgunean dago ikusgai.