Debabarreneko Eskolako Agenda 21, ikasturte berriaren atarian

2011-09-30 Iruzkinik ez

Aurten ere
Debegesa Debabarreneko garapenerako agentziak Eskolako Agenda 21 proiektua jarri du abian Debabarreneko hezkuntza
zentroetan.

Eskolako
Agenda 21 ekimenak hezkuntza komunitatearen konpromisoa eta ekintza plan bat
hartzen du bere baitan ikastetxean zein ikastetxe ingurunean ingurumen eta
gizarte hobekuntzak lortze aldera.

2011-2012
ikasturtean 28 zentrok hartuko du parte ekimenean eta gutxi gorabehera 8000
ikaslek.

 

Mugikortasuna aztergai

Aurten
ikasleek mugikortasuna aztertuko
dute. Helburua da ikasleek egoeraren diagnosia egitea eta euren ikastetxean,
herrian edota eskualdean dauden ingurumen eta gizarte arazoak identifikatzea,
beti ere, mugikortasunarekin erlazioa dutenak.

Horretarako,
hainbat jarduera edota ekintza burutuko dituzte ikastetxean zein ikastetxetik
kanpora: garraiobideen konparaketa, trafikoaren azterketa, herritarrei
galdeketak, sentsibilizazio kanpainak…

 

“Eskola bidea” egitasmoa

Aurten
bereziki landuko den gai bat eskolako bidea izango da. Haurrek etxetik eskolara
joateko egiten duten bidea ingurumena errespetatuz eta modu seguruan egitea da
egitasmoaren xede nagusia.

Honela,
Elgoibarko Oin Alai proiektu
arrakastatsua aztertuko dute, baita Ermuko ikastetxeek aurrera eramandakoa ere.

 

6000 eskola-agenda

Aurten
ere, MUGI-MUGI izenburupean, Eibar, Elgoibar, Soraluze, Mendaro eta Mutrikuko
udalek 2011-2012 Eskola-Agendak banatu dituzte 6 eta 18 urte bitarteko ikasleen
artean. Guztira 6000 agenda banatu dira.

Agendan
mugikortasunarekin lotutako gaiak landu dira, eta Debabarreneko garraio
sarearen mapa eta Gipuzkoako etorkizuneko bidegorri sarea ditu barruan.

Gainera,
lehen aldiz, lehiaketa bat jarri da martxan agendaren bitartez. “AMESTU ZURE HERRIA: Nolakoa nahi zenuke
izatea zure herria/hiria?
” lelopean, ikasleek euren udalerria etorkizunean
nola ikusi nahi luketen adierazi beharko dute.

 

Tokiko jasangarritasunaren alde

Eskolako
Agenda 21 ekimenaren baitan, aurreko urteetan egin den modura, Debabarreneko ikastetxeek
tokiko jasangarritasunaren aldeko jarduera ezberdinetan lan egingo dute
Debegesarekin eta eskualdeko Udalekin elkarlanean.

Horien
artean aipagarriena, IBAILAGUN proiektua da, Deba ibaia garbitzeko boluntarioen
programa. Programa honek bi lan-ildo ditu: batetik, espezie inbaditzaileen
identifikazioa eta, bestetik, DEBA IBAIA GARBITZEKO I. JARDUNALDIAK, azaroaren
6an eta 13an burutuko direnak.