Debabarreneko eta Debagoieneko industria arloko 30 enpresa baino gehiago batuko dira ostiralean DEBEGESAn

2015-05-19 Iruzkinik ez

Debagoieneko eta Debabarreneko 30 industria-enpresa baino gehiago batuko dira ostiralean, hilak 22, Enpresa Industrialen arteko I. Topaketan, Debegesa garapen agentziaren egoitzan, Eibarren. Topaketa hau Debagoieneko Mankomunitateak eta Debegesak antolatu dute elkarlanean, enpresa parte-hartzaileen arteko harremanak eta lankidetza sustatze aldera.

Topaketaren baitan, enpresa industrialen errronka nagusien gaineko hausnarketa amankomun bat egingo da. Bertan parte hartuko dute Juan Angel Balbas Debegesa Garapen Agentziako Zuzendari Nagusiak, Koldo Azkoitia Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziako Arduradunak, eta Aitor Ruiz ACICAE – Automozio Klusterreko Ezagutzaren Kudeaketarako Zuzendariak. Topaketa 9:00etan hasi eta 13:00ak arte luzatuko da.

Topaketak izango duen formatuari dagokionez, speed networking izenez ezaguna den dinamika erabiliko da, hau da, enpresa parte-hartzaileen arteko bilera laburrak egingo dira, enpresen arteko harremanak erraztu eta jarduera industrialarekin zerikusia duten sektoreetan lankidetza aukerak antzemateko.

Dinamika honen bitartez, enpresa guztiek izango dute aukera gainerako parte-hartzaile guztiekin elkartzeko. Gainera, enpresa bakoitzak bere intereseko enpresen agenda sortu ahal izango du.

Jardunaldi hau Debegesak bultzatzen duen ‘Bai Industriari!’ egitasmoaren baitan kokatzen da, Debabarreneko industria arloko enpresen aldeko ekimenak biltzen dituena.

 

Egitaraua

Topaketa goizeko 9:00etan hasiko da parte-hartzaileen harrera eta ekitaldiaren aurkezpenarekin. 9:10ean industria arloko enpresen erronka nagusien gaineko hausnarketa hasiko da. Hizlari arituko dira:

  • Juan Angel Balbas, Debegesa Garapen Agentziako Zuzendari Nagusia
  • Koldo Azkoitia, Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziako Arduraduna
  • Aitor Ruiz, ACICAE – Automozio Klusterreko Ezagutzaren Kudeaketarako Zuzendaria

Jarraian, 10:00etan, enpresa parte-hartzaileen arteko lehenengo bilera txanda hasiko da. Bilera laburrak izango dira eta enpresek aukera izango dute euren arteko sinergiak eta lankidetza aukerak aztertzeko.

Kafea hartzeko atsedenaldia egin ostean, 11:30ean bigarren bilera txandari ekingo zaio. 13:00etan amaiera emango zaio jardunaldiari. 

Egitasmo hau PO FSE 2007-2013 VALORA programako egitasmo bat da. Europako Gizarte Funtsak %50ean kofinatzatua.

valora